Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Galindez eta Bosgarren Kolumna

1937ko maiatza / Madril

 

Maiatzeko lehenengoetara itzuliz, egun horietako batean Madrilen bizi den Concha Valdes delako batek Jesus Galindez kontaktatu du, Madrilen beste askok kontaktatu duten helburu berarekin; isilpeko tratua ixtea.

        Concha Valdes bilbotarra da, eta horrez gainera faxista ere bada. Nahikoa ezaguna, gainera. Enborretik-edo. Neba, Manuel Valdes Larrañaga, gerraurrean igerilari oso ezaguna izan zena, eta Jose Antonio Primo de Rivera Falange Españolaren fundatzailearen lagun hurkoa, Bilboko kartzelan du, Falange de Vizcaya delakoaren buru bera delako akusaziopean epaiturik eta 20 urteko zigorra betetzera kondenaturik.

        Eusko biek, euskotarrak eta besteak, biak ere gazte eder-lerdenak, lehendik ezagutzen dute elkar. Noiztik-eta, Jesus Galindezek berak idatziko duen legez, Madrilgo Euzkadi'ko Ordezkaritza alde bateko eta besteko presoen trukeetan, bahituak bilatzeko zereginetan eta badaezpadako halako beste proposamen eta kontraproposamen batzuetan sartzen hasi zenez geroztik, hain zuzen.

        Eta are zuzenago, maiatzean Concha Valdes bere ipuintxoarekin datorkienean Jesus Galindez Madrilen bada, preso-truke horietako baten kariaz da gizona han. Bestela Valentzia aldean izaten da-eta. Hala bada, emakume faxistak esateko diona entzuteko prest da, ezer atera ahal izango dion edo, badaezpada.

        Concha Valdesek Jesus Galindezi esaten dionez, bada Xarrien izeneko halako basko bat, adinekoa eta Concharen senitarteko urruna, bularretik gaixorik dagoena bera, eta gaixotasun horren kariaz urtero-urtero, eta urteetan, Suitzara joaten izan dena hango mendietan sendakuntzak egitera; gerrarekin, hori tamala, hara joan ezinik geratu da eta, horra!, gaitza inoiz baino bizitzenago ei du gizajoak; paperak denak ei ditu zuzen eta artez; ba ei dauka pasaportea, Valentziako Dirección General de Seguridadek luzatua eta Wenceslao Carrillok sinatua, eta ba ei dauka ibiltzeko baimena ere.

        —Eragozpenik gabeko pasaportea duk —diotso Concha Valdesek Jesus Galindezi—. Horko fotografian dagoenaren irudia Xarrienen aurpegiarekin bat zatorrek.

        Horiek horrela, tratua proposatu dio neskak.

        Usain txarra hartzen dio tratuaren kontuari Jesusek. Hala ere, ohikoa egitea erabaki du. Concha Valdes hori den neska ederrari ezetz esatea baino baietz esatea errazago zaio Jesus Galindez gazteari. Edo batek daki Jesus Galindez segurtasun kontuetan adituarengan eragina duen Concha Valdes faxista saiatuaren proposamenaren beste alderdi batek, alegia, Xarrien hori Madrildik ateratzea faxistei beste truke-proposamen batzuk egiteko erabil daitekeelako esperantzak. Bilboko emakumeak faxisten aldean lagun hurkoak dituela diotso Jesus Galindezi. Ez da beharrezkoa. Zalantzarik ez horretan euskotarrak, faxistak kartzelan duen neba lekuko.

        —Beraz, Xarrien delakoari Suitzara joaten uzteko mesedearen trukean —diotso Concha Valdesek Jesus Galindezi—, harako bidean —Suitzarakoan besteen aldera joan —geure aldera, pentsatu du Galindezek— eta zeinahi proposamen hara eroateko prest zagok Xarrien hori.

        —Gerran gagozak —pentsatu bide zuen Jesus de Galindez gerrak zailduak—, eta gureak ere trukatu beharrean gaituk.

        Egon ere, horrexetarako dago Jesus de Galindez berriro Madrilen. Berriro, bai, Manuel Irujoren aginduz. Zeren eta Manuel Irujo jaunari Errepublikaren gobernu berrian Justiziaren Arloko makila eman baitiote 1937ko maiatzaren 17an, eta makiladun berriak abokatu gazte, bere guardiako buru ohi eta miliziano zaildu Jesus Galindez, alboan nahi du, eta Valentziara berehala etor dadin deitu dio. Eta halaxe joan hura Valentziara. Baina halako batean errepublikazaleek Madrilgo txekaren batean —zeinetan, inork ez daki— Falangeko buruetakoa den Raimundo Fernandez Cuesta preso dutela jakin da, eta Manuel Irujoren lau anaia gerra hasieratik kasik faxisten kartzeletan preso direlarik, trukearen aukera hortxe ikusten da. Raimundo Fernandez Cuesta preso non duten jakinez gero, noski. Bada, Irujo ministroak Galindez gau-ehiztaria bidali du Madrilera, faxistatzarra bila dezan eta horrela trukea gauzagarri bihur dadin.

        Ez dira trukearen zain diren preso bakarrak. Hortxe da Lauaxeta ere, Gasteizen, mirariaren zain.

        Estepan Urkiaga —Lauaxeta—, abertzale gazteen lorerik loratuena olerkigintzan, surik sutuena mitinetan, idazlaririk trebeena izparringietan, faxisten eskuetan jausi da, preso. Apirilaren 30ean izan da hori, Gernikako errekinak Le petite Gironde egunkariko kazetari bati erakusten izan ostean, ustekabean. Ez da trukearen zain Gasteizko Karmeldarren Serorategian espetxeraturik den euskotar bakarra.

        Ahalegindu beharra dago, bada. Jesus Galindezek ebakuazio-sailekoa den Ruilope izeneko funtzionarioari erakutsi dizkio Xarrien zorionekoaren pasaportea eta ibiltzeko baimena. Ruilope horrek, dokumentuak azterturik, pasea eman die; funtzionarioak legezko eta baliozko deritze paperoi.

        Zorioneko dago Xarrien, bai. Maiatzaren 7an Valentziara abiatzekotan diren autobusen artekoan lehenengo irtengo den horrexetan leku egin diote euskotarrek. Madril inguruko hesia gainditzea da zaila. Edonorentzat. Baina behin hori gainditurik, Valentziara iritsi eta handik, Suitzara Xarrien!

        Jesus Galindez, egun horretan berak ere Valentziara joan beharra duelako aitzakiaz, Xarrien sartu duteneko autobusean sartu da. Manuel Irujo ministroaren kutunak bidean doazelarik itaunduko dio Xarrien horri ea ba zein truke proposatu gura duen. Eta egin ere horrelaxe egin ahal izan du.

        Bitartean, eta autobusean abiatu aurretik, bere zeregina ondo betea du Jesus Galindezek. Raimundo Fernandez Cuesta preso non duten jakin du —non topatu duen ez du Los vascos en el Madrid sitiado bere liburuan kontatuko, baina topatu egin zuen, nonbait—. Eta zer jazo ere, zuhurtziaz, faxista ospetsua eta Concha Valdes bera bahitura legez geratuko direla esan dio Jesus Galindezek neskari, Valentziara abiatu aurretik. Xarrien delako horren historiaren atzean dagoena istorio hutsa bada, balizko jukutria horrengatiko errepresaliak neskak berak eta beste faxistatzarrak larrutik ordainduko dituzte; halaxe diotso Concha Valdesi Jesus Galindezek. Eta Concha Valdesek baietz, ados dagoela esan, eta aurrera.

        Halako damurik, Jesus Galindezek ez du Xarrien haren proposamen zehatza zein edo zertan izan zen argituko handik urte batzuetara argitaratuko duen liburuan. Ez du esaten, ezta ere, bera eta Xarrien Valentziara nola iritsi ziren. Ondo, itxuraz. Bada, uste izatekoa da autobusean doazelarik Xarrien misteriotsuak Jesus Galindezi proposamenen bat egin diola. Proposamena zein ere izan, kontu hari guztiari trikimailuaren airea igarri dio, berriro ere, Jesus Galindez iaioak; bada, izan behar du, horren denaren azpian, edo atzean, jukutriaren bat, bai. Haatik, jukutria non edo zertan ote den antzeman ezinik, entzun egin dio Jesus Galindezek Xarrieni honek esateko diona. Entzun, kolkoan gorde eta, horrezkero, Xarrienen proposamena Manuel Irujori helaraztea da Jesus Galindezen zeregina.

        Valentziara iritsi eta hiru egunera Madrilera doa berriro Jesus Galindez, Manuel Irujori dakarkion proposamena hark —Errepublikaren ministro jeltzaleak— gogoko izango ez duela susmoa harturik. Azken batean, Jesus Galindezek berak ere ez du Xarrien gogoko eta.

        Madrilera iritsi baino ez mezularia, eta horra polizia sekretua Leopoldo Panizo izeneko baten atzetik dabilelako albistea. Nor-eta Bosgarren Kolumnako ustezko burua ei da Leopoldo Panizo hori. Jesus Galindezek berehala egin du lotura; Xarrien eta Leopoldo Panizo pertsona bat eta bera dira. Jesus Galindezek jakin edo susmatu izan du, bai, Xarrienen kontu horretan ipurdiko hezurrean ostikada galanta hartzekotan izan direna. Arriskatu egin dira, ostera, horrela ikasten baita. Oraindik ez du hogeita bi urte bete Jesusek, eta gizon zaildua da honezkero. Bosgarren kolumnaren buruetako bati, Leopoldo Panizo horrexeri, ihes egiten lagundu diote! Horrezkero alferrik da Jesus Galindezen bidez Manuel Irujo jaunari etorri zaion proposamenari hark zer erantzun dion Concha Valdesi jakinaraztea. Ez dute euskotarr(ar)en trukean nor eman. Zorra faxisten alde da orain.

        Jesus Galindezen gogora Madril eta Valentzia lotzen dituen errepidea dator, kontrol hesiz josia, miliziano talde ezberdinek zeinek bere baitute jarria. Lehenengo busak, Jesus Galindez eta Xarrien —Leopoldo Panizo!— doazeneko busak, erraz gainditu ditu hesiok. Bigarrenak, ez, ostera. Valentziara iritsi eta denbora batera jakin du Jesus Galindezek horrekin gertatua. Ordurako, alabaina, Xarrien hantxe libre utzia izan du, Suitzara bidean joango delakoan, eta bidean errekaduren bat —Jesus Galindezek sekula argituko ez duen errekadua— eroango duelakoan. Airean galdu da Xarrien, airean errekadua. Xarrien delako horren historia istorio huts izan da, berak susmatu bezala.

        Ederra egin dute, bai, lehenengo autobusean berarekin ekarri duen Xarrien horrekin. Errepublikaren Seguritatekoek Tarancon herrian bigarren busari altua eman omen diote, altu emate horretan indar erakustaldi ederra eginez. Miaketa zehatza egin ostean busa Valentziara joaten utzi izan zutela, baina autobusaren arduraduna eta uruguaitar bat preso hartu zituztela, Valentzian horrelaxe kontatu diote Jesus Galindezi. Honek ondo daki Seguritatekoak behar baino —ez da denbora kontua— autobus bat beranduago iritsi zirena. Baina ez dio ezer.

        Ernegaturik, Jesus Galindez Madrilera itzuli da. Errugabeak dira atxilotu dituzten bi horiek, uruguaitarra eta busaren arduraduna. Eta hor joan da Jesus de Galindez, berak txokorik ezagunenak dituen Dirección de Seguridadeko zulo horietara bisitan. Zorioneko bigarren autobusa nortzuek geldiarazi duten badakielarik —Los vascos en el Madrid sitiado liburuan ez du horien afiliazioa emango—, erraza zaio hango atxilotu errugabe biak non diren igartzea. Bada, hara agertu, belarri egokian berba egokiak esan eta hantxe askatu dituzte atxilotu biak. Seguritatekoak aitzakiatan dira; uruguaitarrarekin antz itzela duen baten atzetik dabiltzala-eta, uruguaitar gizajoa beste txoriaren kasik berdina izatean, bada, eskueran izan dutena atxilotu izan dutela. Badaezpada. Eta txoferra ere atxilotu dutela, hori ere badaezpada.

        —Beranduko badaezpadak, beti badaezpadakoak —pentsatu du Galindezek.

        Dena okerra okerrago joan dadin-edo, handik lasterrera lagun baten bisita du Manuel Irujoren guardiako buru ohi Jesus Galindezek. Eusko Milizietan sarjentu egondako eusko bat da —sozialista bera— orain Seguritatean lan egiten duena. Jesus Galindezek ez du horren izena argituko. Hala bada, gera bedi sarjentu legez, izenik gabe, orain.

        Sarjentuak argi diotso Jesus Galindezi; Leopoldo Panizo horren ihesak burutik behera kaka multzo ederra egin dio, eta esateko non arraio gorde duten faxista mando hori, eta ez engainatzeko, Refugio Vascon gordeta dutela jakin duela, eta egia esateko.

        —Bestela, zotz —sarjentuak estutu egin gura du Jesus Galindez laguna.

        —Guk ez zakiagu ezer —Jesus Galindezek, aktore antzeak landuz; Madrilen ez dakite lehenengo busean eroan duten Xarrien horren kontuaren tutik ere.

        —Jakin ezak! —diotso sarjentuak—, Peruko Enbaxadan ere sartu dira, bai, zeuon kaiolaren batean polito-polito egon behar duen Leopoldo Panizo txoritxo horren bila.

        —Esan diat; txori hori ez zagok gure kaiolan. Peruko Enbaxadan sartu direla? Eta? —Jesus Galindezek.

        —Eta diok? —sarjentuak—. Ba, enbaxadako ganbara batean irrati-aparailu bat topatu dutela, bosgarren kolumnakoek erabiltzen izan duten aparailua; baina irratiko espikerrik ez dutela topatu, hegan egin duelako. Horra!

        Bosgarren Kolumna, irratia eta espikerra; ederra egin dute, bai, Madrilgo Eusko Zerbitzuek. Xarrien horixe zen espikerra: Leopoldo Panizo. Baina ikusten da; Seguritatekoek, txoriari kaiola ireki diotenak euskotarrak izan direlako susmoa duten arren, datu zehatzegirik ez dute-eta, burua ahal duen lekutik atera behar duela pentsatu du Jesus Galindezek.

        —Panizo diok? —diotso sarjentuari—. Baduk Panizo bat, bai, gure aterpean. Hango kooperatibako okina duk, bai.

        Erantzun horrekin sarjentua okerreko kaiolara bidali nahi izan du Jesus Galindezek. Badaki Panizo okinari okerrik gertatuko ez zaiona, atxiloketak eragingo dion ezustekoaz eta horren ondorioez landa. Tartetxo bat beharko da hori errugabea dela antzeman dezaten, eta gero libre utziko dute. Baina tarte horri garrantziko deritzo Jesus Galindezek.

        —Seguritatekoek Panizo txoriak hegan egin duenetik gure Panizo okin gizajoak horrekin zer ikusirik ez dutela jakin arte zenbat eta tarte luzeago igaro, hobe —pentsatu du Jesus Galindez zapuztuak—. Bigarren bus haren aurretik beste bus bat joan zela, eta bertan zela txoria, eta Panizo zela... oi! horien arteko lotura egin balezate.

        Jesus Galindezek fedea du. Okina eta bestea txori ezberdin bi direla ohartzen direnerako beste buruhausteren batzuekin izango dira denak Madrilen. Baina fedea baino harago, Jesus Galindezek burua lepo gainean duela erakutsi behar du. Txoria galduta ere, hobe gertatu izan dena, den-dena, zehatz jakitea. Beste baterako, horrela ikasten baita.

        Peruko Enbaxada eta Uruguaiko Ordezkaritza, biak eraikin berean dagozela-eta bigarren horretako ministroari deitu dio. Ministroak baietz dio, izan dela han Leopoldo Panizo izeneko bat, baina hainbeste sartu-irten eta joan-etorri susmagarri ibiltzen izan dituela ze, «edo horiek laga edo bestela Ordezkaritza utzi» esan diotela, eta horrelaxe egin duela; joan.

        Joaten utzi dutenaren balio handia ziurtaturik Concha Valdes neska faxistaren bila ekin dio Jesus Galindezek.

        Valdes faxistak, tristura ezkutatu ezinik, txoria itzal handikoa zela, ez dio besterik esan Jesus Galindezi. Eta Concha neska baskoak ere ez dio beste ezer esan. Eta negarrari eman dio Concha Valdesek. Jesus Galindezek gerora idatziko duenez, Concha Valdesen begietara etorri den negarra faxismoaren kausaren kariaz nebaren trukea atzeratu behar izanak eragindako negarra da. Jesus Galindez gazteak, ostera, jo eta bertan fusilatuko lituzke Madrilen agirian diren faxistak. Concha Valdes akabatu eragingo luke, eta akabatu eragingo luke Raimundo Fernandez Cuesta faxistatzarra ere, Xarrienen kasuan bahituran harturiko biak. Baina hori bere burua salatzea litzateke.

        Nolanahi ere, handik egun batzuetara egunkari faxistak eskuratu ditu Jesus Galindez zapuztuak. Leopoldo Panizo —zorioneko Xarrien huraxe!— «gorrien aldetik ihes egin berria, Mugimenduari mesede handiak egindakoa dela-eta, Falange osoaren Inspector Jefe izendatu dute(la)» diote egunkariok.

        Bosgarren Kolumna haren harira Jesus Galindezek Los vascos en el Madrid sitiado liburuan kontaturikoa —eta hemen zenbait alderditatik osaturikoa— baino ipuin hoberik ezin inork asmatu, ez eta Ernest Hemingwayk berak ere. Haatik, ipuinaren kontalari Jesus Galindezek gura izango zukeen galdetu norbaiti —ustez Errepublikaren Seguritate Zerbitzuetan kontaktuak zituen Ernest Hemingwayri beharbada, edo, hobe bai, Errepublikaren espioitza eta espioitzaondokoetan benetan zekien edonori— galdetu, bai, Leopoldo Panizo faxistatzarrak legezko dokumentu haiek nondik nora eskuratu zituen.

        Galdera horixe eginez —nork eman zizkion Xarrien izenaz Errepublikaren legezko paperak Leopoldo Panizo hari?— amaitzen du Jesus Galindezek handik urte batzuetara —1945ean hain zuen— argitaratuko duen Los vascos en el Madrid sitiado memoria liburuan Bosgarren Kolumna-ren hariko atala.

        Bosgarren Kolumna hura zenbat harrik osatzen zuten, eta zein koloretako harriak ziren, Jesus Galindezi erantzunik gabe airean geratuko zaion galdera da hori ere. Baina hura dena ez zaio alferrekoa izango. Huts eginez aurreratzen da, badaki ondo, baina dena dela kontuz huts egiteekin, gero. Odoletan kitatzen da horiek uzten duten zorra. Adibidea laster izango dute denek. Euskotarrek ezin izango dute Lauaxeta poeta heriotzatik salbatu. Gasteizen fusilatuko dute, goiz eder batean txindor baten txintek goxotan dutela. 1937ko ekainak 25 dituela. Irujo anaiak, berriz, Gurutze Gorriaren bidez egindako truke baten bidez salbatu zituzten. Raimundo Fernandez Cuesta faxistatzarra, aldiz, urte bereko irailean, eusko denak baino itzal handiagokoa zen Azkareteren truke.

        Ekaina jada urrun dago baina, eta are urrunago iraila, hala Bosgarren Kolumna antzezlana idazten oraintsu amaituta fronterik fronte dabilen Ernest Hemingway gerra-kazetariarentzat, nola gerrako benetako gerlarientzat, Jesus Galindez barne.

        Haatik, Ernest Hemingway fronterik fronte ibili arren gerra zertan den, funtsean eta benetan ulertu gura duen ala beste zerbaitetan ote dabilen, horra galdera. Bosgarren Kolumnari buruzko ipuin biok dira galderaren zuzentasunaren lekuko.