Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Basque Intelligence Service (BIS)

1942-1945 / Amerika

 

Ameriketako Estatu Batuen inteligentzia, informazio zein espioitza zerbitzuen dokumentuetako batzuk, sekretuzkoak izandakoak, ezkututik argitara atera ahal dira, FOIA —Freedom of Information Act— delakoaren arabera. Horretarako, dokumentu jakin bakoitza sortu zenez geroztik denbora tarte jakin bat igaro behar da, noski. Horrela, FBIren SIS delako adarraren barruko Basque Intelligence Service (BIS) atalekoak desklasifikatuak dira, orain arte behin baino gehiagotan idatzirik lotu den moduan.

        Basque Intelligence Service (BIS) delakoaren bilduman 958 orrialde daude, asko eta asko oso-osorik ezabatuak, interesgarriak diratekeen izen gehienak ezabatuak diren legez. Bildumako txostenak 1988ko maiatzean desklasifikatu ziren.

        Lehenengo txostena 1942ko irailaren 11koa da. Basque Delegation of New York City izena duen txosten horren hasierakoa lerroak bitxiak dira.

        «1942ko apirilean New Yorkeko Baskoen Ordezkaritzaren sinpatiak pro-Axis izan zitekeela informatu zen. Eskuragarri izan den informazioaren arabera talde hau formalki "pro-loyalist" da. Jakinarazi zaigunarekin bat, Jose Antonio Agirre da ordezkaritza horren burua, eta baita mundu zabaleko basko espainiarren erakundearen burua ere. Argi dago; Agirre Basko Errepublikako lehendakari ohia da, eta temati aldarrikatu izan du Nazio Batuek propagandarako Baskoen erakundea erabil dezaketela. Erabat konfidentziala den iturri batek dioenez, Agirre "estremista" da, eta autonomiari buruz hark dituen usteak higuingarri zaizkio Espainiar pentsaera politikoaren iritzi ezberdinetakoei».

        Bigarren orrialdea kasik osorik ezabatua da. Hirugarrenak —lau dira guztira— Ramon de la Sota Agent of Foreign Principals legez erregistratua dela dio, hori 1938ko ekainaren 8ko Act-en arabera egin ahal izan duela dioelarik. Gainerako lerroak —batzuk osorik ezabatuak— Jose Antonio Agirreren ibilbideari eskainiak dira.

        Jose Antonio Agirreri buruzko datuetan ez da okerrik falta. Noiz utzi zuen Espainia, 1941ean egin zuela dio. Gero hura orain non bizi den dio, eta non irakasten duen ere bai, eta 1942an bidaia egin zuela ere badio, Mexiko, Panama, Kolonbia, Peru, Txile, Argentina, Uruguai, Venezuela, Puerto Rico, Santo Domingo eta Kuba geltoki legez aipatuz; itzulera, via Miami egin zuela ere argitzen du. Beherago 1940an Frantzia utzi zuela dio, eta Ameriketara iritsi arte egin zuen ihesaldia aipatzen du.

        Daturik interesgarrienak bi dira; Estatu Batuetako Gobernuaren presidenteordeak eta Rockefeller Centerren ordezkariak Agirre lehendakaria eta Ramon de la Sota hartu zituztela eta diru-laguntzaren bat agindu zietela (aipatua lotu den moduan, Agirrek bere egunkariaren azken lerroa idatzi zueneko egun hartako arratsaldean, 1942ko maiatzaren 21ekoan, Rockefellerreko koordinatzailearen ordezkari batekin biltzekoa zen, egunkarian bertan dioenarekin bat).

        BIS delakoaren bildumako bigarren txostena, 1942ko azaroaren 25ekoa da. Orrialdeak, 30 guztira, goialdean eta behealdean zenbaturik dira; makinaz goialdean, eskuz behealdean. Hortxe dira faxista espainolen zenbait erakunde edo talderi buruzko datuak, Mexiko Hiriko agenteek emanak. Ez da agente horiek nor diren esaten. Bestela, talde edo erakunde faxista bakoitzari eskaintzen zaizkion lerro kopuruak ezberdinak dira; batzuei hiru bat lerro eta beste batzuei orrialde osoak eskaintzen zaizkie.

        Txosten horretan aipatzen diren taldeak hurrengoak dira: Renovación Española, San Franciscokoa; Casa de España, Los Angeles-Kaliforniakoa; Union Española de California (11 lerro, 5 ezabaturik); Sociedad Cervantes Española (3 lerro); Los Pan Americanistas (8 lerro); Spanish Falange (kasu honetan entrenamendu militarra aipatzen du, eta «Espainiak, hasteko eta behin, abantaila du Latinoamerikako herrietan espainieraz hitz egiten dela» dio argigarriro); Auxilio Social (Falangeren atalaren barruan, bide batez, hortxe argitzen zaigu espainiar falangistak jardunean Argentina, Brasil, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Panama, Puerto Rico, Uruguai eta Venezuelan direla; zenbait lerro ezabaturik); Nationalist Party of Puerto Rico; Círculo Hispano Americano, San Franciscokoa; Unión Nacional Sinarquista, Mexikokoa. Azken hau da tarte luzeena hartzen duena. Dena dela, erakunde eta taldeotan kargudunak nor ziren —lehenaldian idatzi behar da hau—, ezabaturik dago datu hori.

        Txosten hori bat dator, ikusita gauden moduan, Kubako euskoek Bigarren Mundu Gerraren garaian bide zituzten zereginetako batekin, hots, espainiar faxisten joan-etorriei begirik ez kentzearekin.

        Informazioaren aldetik interesik gabekoa da bildumako hirugarren txostena, bi orrialde dituena. Bestela, FOIA delakoak eman dezakeenaren erakusgarri egokia da-eta, tartetxo bat merezi du.

        Txostena, 1942ko abenduaren 18koa bera, John Edgar Hoover director delakoari zuzendua da, eta bere aurreko txostena nork idatzi zuen esaten da; Special Agent (ezabatu) delakoak, hain zuzen. Tamalez, egun eskuragarri dagoen kopian ezabatua da delako horren izena. Beste txosten askotan legez, irakurgarri diren datuak gutxi dira; txostena San Francisco Kalifornian datatua dela eta 1942ko apirilaren 30ean osatu dela, horra. Txostenaren bigarren orrialdean Students International Travel Association izenekoari buruzko datuak eman dituzten lau agenteak nor diren dio, baina izenok ezabaturik dira.

        Basque Intelligence Service (BIS) izendura lehenengoz agertzen deneko txostena 1943ko apirilaren 16koa da. Txostena BIS berak FBIko zuzendariari bidalia da. Horri erantsirik Euzko Deya ("Voice of the Basques", dio txostenak) delakoaren fotokopiak bidaltzeko dizkio.

        Bada, BISen bildumako 834 orrialdeen artean Euzko Deya agerkariaren fotokopiek 70 bat hartzen dituzte. Horrela, hortxe dira fotokopiaturik aldizkariaren bost ale osorik. Horietako batean Lic. Jesus Galindezek sinaturiko "Cervantes y la Nacionalidad Vasca" lantxoa dago.

        Euzko Deyak interesik ez zuela ohartzeko, FBIk haren bost aleren fotokopiak behar izan zituen. 1943ko irailaren 8ko orrialde bakarreko txostenak argi dio; «Bulegoak ez du honezkero argitalpen horren kopiak eskuratzeko interesik».

        Horren hurrengo txostenean, hots, 1944ko apirilaren 24koan, izen nagusi bat ageri da; Antonio Irala.

        Basque Intelligenceko funtzionarioa ANTONIO de IRALA jauna 1943ko urriaren 11-12an Habanan izan zela jakinaraztea da txosten honen helburua; hura urriaren 13an Mexikora iritsi zen, txostenak aipatzen duenaren arabera.

        Irala jaunak adierazi duenez, Kuban Basque Intelligence erakundeak guri eman dizkigun zerbitzuen eraginkortasuna dela-eta oso zapuzturik dago. Hark esan duenez, operazioen arloan esperientzia eta gaitasun urria duten agenteak dituztenez, Kuban lan egiteko orduan eskueran izan dituzten pertsonengana jo behar izan dute-eta, horiekin lan egitea oztopo itzela omen zaie.

        Txostenak izan bi aipatzen ditu, baina orain ezabaturik dira izenok. Antonio Iralak dioenaren aurka, Bulegoak baliagarri deritzo izena ezabatu zaien horien lanari. Are interesgarriagoa den datu bat bada txostenean, ostera; 1943ko martxoan Irala Habanan izan zela eta han BISen Kubako adarrarekin adostu ziren lan-ildoak aipatzen dira (horri buruzko txostena hil horrexetako 31n idatzi zuen Iralak, baina txosten hori ez dago desklasifikatuen bilduman). Lehen ildoa «espainiar ontzietako pasaiari eta eskifaiakoen txekeoa egitea» da; bigarren ildoari buruzko informazioa ezabaturik da; azkenik, hirugarren ildoa «zentzu zabalean Komunisten jardueren ikerketa» egitea da.

        Horrezkero, hirugarren ildoan egiteko agintzen dena gauzatzea ez gauzatzea, hori, BIS delakoaren barruko eztabaida gogorrenetakoa izango da. Eta haren amaiera ekarriko duena ere bai.

        Informatzaile euskotarrei gogor egin bide zitzaien begia herrikideengana zuzentzea eta ikusitakoaz inori informazioak helaraztea. Ez ziren antikomunistak, itxuraz. Antonio Irala bera antikomunista porrokatua bada ere. Azken horren adierazgarri, balio beza txostenean bertan Antonio Iralak dioena: «Falangisten eta Nazien mugimenduek oraintsu arte izan dutena baino indar handiago dute, egun, Alderdi Komunistek Latinoamerikako herrietan».

        Antonio Iralaren zereginaz jakiteko ez ezik, FBIk BISen aldetik zer nahi zuen ulertzeko ere, argigarria da 1944ko ekainaren 1ean Mexiko Hiriko "civil attaché" delakoak Bulegoaren zuzendariari igorri zion txostena, bost orrialde dituena.

        Hasteko, txostengilearen arabera —horren izena ezabaturik da—, Antonio Irala Mexiko Hirira maiatzaren 19an iritsi zen, baina Bulegora maiatzaren 24an zuzendu zen; bitartean hark zenbait baskorekin elkarrizketak izan ei zituen. «Irala New Yorketik —dio txostengileak— Bulegoaren eta baskoen arteko elkarlan hertsiago bati buruz Mr. Doylerekin hitz eginda zetorren», dio txostengile den "civil attaché"k. Horrek berorrek dioenez, baskoek Mexikon egin zezaketen lanari buruz mintzatu ziren, bi orduz. Iralak, Mexikon diren baskoek "military attaché" delakoaren Bulegoarekin lan eginak zirela aipatu zion, eta hain zuzen ere «horrek —"military attaché"aren bulegoak— bulego honetan —"civil attaché"aren bulegoan— gizon bat sartu zuela» ere aipatu zion. Gero, hilaren 26an, Irala Bulegoaren bulegora itzuli zen, «egitasmo zehatzago bat zirriborratzeko». Egitasmo horrek basko anonimoek —Andres Untzain edo Juan Duñabeitia bezalako anonimoek?— BIS delakoaren egituran betetzen zuten zeregina zehazten du.

        Une hartan [dio txostengileak, batzarra egin zeneko denbora aipatuz] Mr. Iralari jakinarazi zitzaionez, hark Mexikon bizi diren berrehun edo hirurehun baskoren izenak eman beharko lituzke, horien izen-abizenak, helbideak eta lan-jarduerak ere erantsirik, eta horrez gainera pertsona horiek eman lezaketen zerbitzua ere zehaztu beharko litzateke (...); gero, Mr. Iralari jakinarazi zitzaionez, beste bost bat gizon beharko lirateke, besteen buru egin lezaten (...) bost horien banan-banako historia pertsonal osoa erantsi beharko litzateke, horretan bakoitzaren izena, adina, zereginak —egungoak eta azken lau urteotakoak barne— eta are ezkontza egoera ere aipatuz; horrez gainera, lor lezaketen informazio mota eta autoa gidatzeko edota idazmakina erabiltzeko gai diren ere aipatu beharko lukete. Bost horiek egin beharko luketen lana gogoan, beharrezkoa litzateke ingelesa menperatzea. Jakitun egon beharko baitute txostenak hizkuntza horretan ematekoak liratekeela, hala idatziz nola ahoz.

        Mr. Iralari azpimarratu egin zaionez, bost horiek ez dute jakin behar "civil attaché"aren bulegoarentzat edota beste edozein amerikar inteligentzi zerbitzurentzat lan egiten dutenik. Esan behar zaien bakarra, Erbesteko Basko Gobernuarentzat lan egiten dutela; honetan denean salbuespena, esan gabe doan moduan, bost buru horiek lirateke.

        Bada, Mexikoko taldeari buruz esaten den horrek, berdintsu balio zezakeen Kubako taldearentzat, hurrengo lerroetan datorrenak balio zezakeen era berean.

        Bulegoak ez zuen hari solterik utzi nahi. Horrela, aipatu txostenak ikertzaileen diru-ordainak lanaren araberakoak izango direla dio; ez dira 200 edo 300 pesotik gorakoak izango, eskarmenturik ez duten ikertzaileen kasuan, eta hortik kanpoko beste gastuak ez dira —dio txostenak— 100 pesotik gorakoak izango. Bestela, lan-taldeak bere bulegoa beharko lukeela, eta hobe hori bulego-eraikinen batean maskaraturik balego, halaxe dio txostenak. Iralaren erantzuna zuhurra da; nahiago luke zenbateko finkoa berak jaso, eta gero informatzaile bakoitzari diru egokia berak eman. Gai honi txostengileak orrialde oso bat ematen dio, FBI ez baitago diruak edozertan eralgitzeko prest. Haren ekonomia ez dago «inori txeke zuririk emateko moduan», txostengileak dioen moduan.

        Azkenik, txostenak Antonio Irala goraipatzen du, txostengilearengan inpresioa ona eragin duela esanez. Haren aldeko iritzi horren ostean esaldi oso luze bat ezabatua da, lehen bost hitzetan izan ezik. «Hura zintzoa dela uste badut ere...» dira hitzok, eta horren jarraipena ezabaturik den arren, ez dirudi zentsuraren tintak betiko estali dituen horietan Iralaren oso aldeko hitzak zirenik.

        Txosten honek BISen eta FBIren arteko harremanen tira-birak, gorabeherak eta, oro har, argi-ilunak ilustratzen ditu. Ilunak ilunago egiten dira, zinez, 1944ko urrian Antonio Iralak Jose Antonio Agirre Euzkadi'ko lehendakariari egin eskutitzean.

        Ene lagun eta Lehendakari errespetatua: apirilaren 12ko zure eskutitza jaso dut. Honezkero urte eta erdi egin dut zerbitzu zibilarekin lanean, bere denboran jakinarazi nizun moduan. Zure aginduekin bat, utzia diot inteligentzia militarrarekin lan egiteari, eta sendotu egin inteligentzia zibilarekiko lana, zure desioen arabera. Horretan denean ados nago.

        Bada, Agirre lehendakariak badaki Antonio Iralaren zereginen nondik norakoa, azken batean bigarrenak lehenaren aginduetara dihardu-eta. Denean ados ez den arren, egia. Hona hemen adibidea:

        Nola ere den, esan beharko nuke, ohi dudan zuzentasunaz esan ere, gurago dudala germanofilo izaerako banakoak eta horien jarduerak zaindu, komunistak eta komunistenak baino. Era berean, nahiago nuke hileko diru-kopurua zuregandik hartu, amerikar funtzionarioren baten eskutik baino. Baina zure goi-gaitasunari begirunea diot, eta lanean gogotsu segituko dut.

        Zuk ondo dakizun bezala hemen ez dago elementurik [zerbitzuaren lanerako inor, esan nahi du].

        Idatzizko txostenez gainera —horien denen kopia bana hartu behar duzu—, ahozko iritzi-trukea etengabea da, eta elkarrizketa bakoitzean halaxe egiten segitzen dut.

        Gaur bertan, Aliatuen propagandaren akatsez eta jarrera germanofiloaren zergatiaz txostena bidaltzekoa naiz (...).

        Antonio Iralak Agirre lehendakariari idatzi eskutitz hori ingelesera itzultzeko agindu norbaiti —itzultzaileen izena ezabaturik da— eta gero BISek FBIren buru Edgar Hoover jaunari helarazi zion. Bulegoak kontrolpean zuen bere "basko adarra", badaezpada ere. Bulegoak ez zuen zertan kezkatu, ostera. Lehendakariaren aginduak zehatzak ziren. Komunistak dira begipean ukan beharrekoak. Kuban batez ere. Horko hiriburu Habanan sinatua da Iralaren eskutitzaren ostean datorren dokumentua, 1944ko maiatzaren 25ean.

        Egun horretan BISek —"legal attaché" delakoaren bidez— Bulegoaren zuzendariari igorria dion orrialde biko txostenean hark dioenez, bere burua goraipatuz esan ere, «Kuban Basko Zerbitzuaren garapen etengabeak hemen egiten dihardugun lanaren baliagarritasuna erakutsiko duelakoan» dira. Horren ostean diruaz dihardu txostenak. Ohi bezala, esan beharko litzateke. Oraingoan ostera bidezkoa dirudi diruari buruzko eztabaida, txostenak berak dioen moduan, «bizimodua Habanan garestia baita». Bestela, txostengileak ez dio zalantzari zirrikiturik uzten; «hura —izena ezabaturik den eusko informatzaileari buruz dihardu— baikor ageri da gure Gobernuari baliagarri gerta dakizkiekeen informazioak eskuratzeari buruzkoan, hala politika, ekonomia edota itsasoko gaietan, nola Komunismoaren ikerkuntzan ere, honezkero horixe dutelarik zeregin nagusia».

        Txosten hori idatzi zenean urtebete ez zen falta Europan Gerra amaitu zedin. Bada, nazismoaren azkena hurbil antzematen zelarik, etsai zaharra berpiztu beharra etorri zen. Mamua, komunismoa.

        Bitartean, euskotarrek lanean segitzen zuten. 1944ko azaroan agindu zehatzak eman zitzaizkien. BISekin lanean ziren marinelei, itsasontzietan zetozkeen susmagarrien fitxa bana egiteko eredua helarazi zitzaien.

        Haatik, euskotarrek ez zuten soil-soilik FBI horrentzat lan egiten. 1944ko martxoaren 4ko txosten batean esaten denez, «Agirre presidentearen eta Iralaren asmoa da, Mendebal Hemisferioko Baskoen kontaktuak Bulegoarekikoetara muga daitezen». Seinale beste zerbitzu batzuentzat ere lan egiten zutela, gorago aipatu ditugun beste datu batzuk argitzen dutenarekin bat. Eta geroko txostenek aipatzen dutenarekin bat ere bai.

        Adibide modura, horra 1944ko apirilaren 12ko kontu bat.

        Egun horretan Iralak, BISen eta FBIren zubi-gizonari, Agirrek sinaturiko gutunak helarazi dizkio. Gutunok gai bakarra dute: Bulegoarekin, beste ezein agentziarekin lanik ez egiteko agindua. Agindu horretara makurtu beharko diren herrialdeen artean Kuba aipatzen da. Galdera da ea ba beste zein zerbitzu amerikarrekin jardun izan zuten ordura artekoan. Erantzuna ez dago argi. Baina gogorarazi egin behar da BIS sortu aurretik hango baskoek Hemingwayrekin lanean jardun izandakoak zirela dioen BISen beraren txostena, lehenago ere aipatu duguna. Honen harira, ustez Ernest Hemingwayk eratu zuen "The Crook Factory" hark FBIrentzat ala beste zerbitzuren batentzat lan egiten zuen, horixe da galdera.

        Dan Simmonsek The Crook Factory izeneko eleberrian luzatu duen hipotesiaren arabera, Ernest Hemingwayk eta haren lagunek —baskoek— OSS zerbitzuarentzat lan egin zuten, hots, FBIren lehiakide eta aurkari ere bazen erakundearentzat. FBIren laguntza hartzen zuten aldi berean! Iruzur horretaz oharturik edo, FBIk idazleari betiereko gorrotoa hartu omen zion.

        Hipotesia ez da erabat baztergarria, batez ere kontuan izanik Hemingwayk AEBen Habanako Enbaxada-Etxean uzten zituen txostenak noren eskuetan uzten zituen; Bob Joyceren eskuetan (Kubako Sarea atala). Dan Simmonsen beraren arabera, Bob Joyce hori CIAko agente bilakatu zen. Harrigarriena ere ez dena, bestalde, azken batean CIA, sortu ere, OSS horretatik sortu baitzen.

        Kubako hori alde batera, euskotarrek AEBetako Navyrekin ere lankidetzan ziharduten. Horren adibide, 1944ko otsailaren 20ko astean Manuel Sotari, New Yorken, Estatu Batuetako Navyko funtzionario bat hurreratu zitzaion. Eskari argia egin zion; Estatu Batuetara zetozkeen basko marinel denak elkarrizketatuak izan zitezela, horrela munduan barreneko itsasoko kontuei buruz informa zezaten.

        Mundu Gerraren amaiera denbora kontua zen, eta horrelako informazioak balioa laster galtzekotan ziren. Zer egin? Erantzuna 1944ko martxoaren 4ko txostenean dator.

        Mr Iralak Mr. Doyleri adierazi dionez, Baskoek komunistei borrokan egiteko gogo berezia dute. Eusko herritarraren erlijio biziaren eragina da horren zioa. Mr. Iralak Latin Amerikako komunista erakunde ezberdinetan infiltratzeko moduez hitz egin zuen. Hark esan zuenez, Baskoen iritziz Mexiko dabil komunista mugimenduaren buru Latin Amerikan; horren hurrengoa Kolonbia dateke, eta Kuba, Argentina eta Txile ere lur ongarritua diratekeela dio. Mr. Iralaren iritzia da, lan jakin honi gogo bereziz ekin ahal diotela Latin Amerikako Baskoek. Komunismoarekiko jarrera horren arrazoia, dio Mr. Iralak, komunistek duten Iberiar Penintsula menperatu nahia da, horren aurka baitira Baskoak, hots, komunistek Espainian duten etsairik gorrotatuenak.

        Latin Amerikako euskotarren artean, esan gabe doa, denak ez dira Iralaren iritzikoak. Herrikideak espiatu beharra gogor egiten zaie antifaxista direnei. Nolanahi ere, Mundu Gerra amaitzekotan da, eta horrezkero AEBetako Zerbitzuek berrantolamendua etorriko da. FBIren SIS adarra —bere baitan Basque Intelligence Service (BIS) duena— desagertu egingo da, nazioartearen eremuko "inteligentzia" arloa CIAk hartuko du eta FBI "etxe barruko" arazoetara mugatuko da.

        BISenak egin duela esan liteke. 1946a eta 1947a bitartean; FBIk BISen zenbait bulego ixten du, hala nola Argentina, Kolonbia, Mexiko, Txile eta Kubakoak.