Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Indalexio Tribisarrospe

1935eko otsaila / Mundaka

 

Herriko hiru lagunek kontatu didate, eta halaxe kontatu behar dut neuk ere. 1935eko otsailaren 5eko goizaldean harako mutil hura ez zen ohetik jagi, itsasorako deia emanda zegoen arren. Gripeak jota ei zegoen. Ordu hartan karel artean egon beharreko beste bost lagunak —lau gizon eta mutil-txikia— itsasoratu egin ziren. Ez ziren sekula portura itzuli. Mutil-txikiaren izena Nikolas Izagirre zen. Hamalau urte zituen eta huraxe zen bere lehenengo itsasotea.

        Otsaileko hartan egundoko itsasoa ei zegoen. Hartaz guztiz ere gizonek itsasora irten beste erremediorik ez zuten ukan. Euzkadi agerkariak argitaratu zuenarekin bat, «eguraldi txarra gorabehera, Juan Bautista Longa motorduneko gizonak itsasora irten ziren, euren etxeetan egoera eutsiezina zenez gero».

        Euzkadik orri oso bat eman zion berriari, argazkiz ondo hornituriko orrialdea, hain zuzen.

        Orrialdeko eskumako goi erpinean Mundakako barraren argazkia dago. «Bizkaiko Mundakan, horra portuko barra, lehengoan Juan Bautista Longa motordun txalupako gizonek azkenekoz gainditu zutena, ez baitziren berriro etxera sekulan itzuli», dio, horren oinean.

        Pertsonak etxeak baino handiagoak ziren denboretakoak dira marinel haien etxeak. Esate baterako, hortxe dago, etxe horien neurriak jotzeko jarraibidetzako, Eusebio Badiolaren etxekoen argazkia. Hortxe dira «Eusebio Badiola marinelaren gurasoak, bizirik geratu zaizkien zortzi seme-alabekin, ontzia hondoratzean hil den beste horren anai-arrebak direnak, hain zuzen».

        Horren beheragoko argazkian, ezkerrekoan, beste etxe batekoak dagoz. Itxura batean, alarguna eta bost seme-alaba, txikiena oraindino besoetakoa. Horren alboan, argazki oinik barik, gizonezko baten argazkia dugu. Agi denez, Jose Ramon Lezamiz Anasagasti da. Hiltzean, alargun utzi du bere emazte Zeferina Artetxe Muruaga. Harrezkero, 1892ko abuztuaren 26an jaioa izanik berrogeita bi urte egiteko zegoen Zeferinak bere epopeia pertsonalari ekin zion. Neuk ezagutu nuen.

        Etxekoak aurrera atera ahal izateko, Mundakako portuan arraina harturik, herriz herri ibiltzen zen, itsasokoak saldu eta trukean lehorreko generoak hartuz. Bisiguen, bogen, takarten edo halako beste arrain batzuen paguan arrautzak, indabak zein ortuariak hartzen zituen, eta gero horiek Mundakan eta Bermeon etxez etxe saltzen zituen, azkenean faltrikeran diru apurren bat sartu ahal izateko.

        Sitsaren lana, harriaren eroanaz egina. Berrogei urtean ibili zen horrela, harik eta Heriok dei hotza egin zion arte. 1976ko abenduaren 3an joan zen.

        Zeferinaren adinaren kontuak egin behar dira, eta haren moduan gazterik eta hiru seme-alabaren sostengu bakar geratu zen gure amamaren urteen kontuak egin behar dira. Laurogeita lau urtean hil ziren biak. Amamaren hiruretatik bizi den bakarra Bitoriano da. Itsasoan ito ez delako edo gerran hil ez zutelako, jakina.

        Haatik, itsasoan hil ziren beste bost haiek —Euzkadiko orrialdean argazki bana dute orain arte aipatu ez ditudan Antonio Leibarrek eta Alberto Alkortak, Nikolas Izagirrek eta Eusebio Badiolak bana duten legez; itsasoko paperetarako egindakoak dira argazkiok—. Ordurako erretratuen burokrazia portuetan ondo sartuta baitzegoen. Eta ez hori bakarrik. Beste argazki batean Mundakako beste arrantzontzi batzuk ageri dira, txopako mastatxoan bandera lutoz jantziekin. Banderak Estatuarenak direla igartzen da.

        Euzkadiko orrialdea osotzeko, horra hor tragediaren ageriko erruduna, hots, Mundakako barra. Sakonean beste errudun bat dagoela ulertarazten du Euzkadik, gorago esanda dagoen bezala, barra hori etxekoen premia gorriak sakatuta igaro baitzuten, euren bizi guztian azkenekoz, gizonek. Horietako hiru erreportajeko azken argazkian dagoz, hain zuzen ere, «...eta oraindino bada arraina garesti dagoela dioenik...» eta «Bost marinel zendurik motora baten hondoratzean, Mundakan» hurrenez hurren dioen lekuaren behean. Ontzia egin zeneko eguneko argazkia delakoan nago. Ontziari argazkian matrikula ondo irakurtzen zaio: M-1512 L3a.

        Garestia arraina, batez ere arrantzale haiek harrapatu barik itsasoan betiko geratuko zena. Familiei lagundu beharra zegoen. Rifa Benéfica atondu zuten. Batzuek gauzak eman, beste batzuek horiek zozketaz eskuratu ahal izateko numeroak saldu eta herritarrek erosi, Juan Leon Kruzalegi artista mundakarrak ostera koadro ederra eman zuen errifarako. Koadroan halako arrantzale zahar bizardun baina oraindino ekineko bat ageri da.

        Juan Leon Kruzalegik egin, Zeferinaren erretratua egin zezakeen, hori baino hobea eta motibo handiagoz, beharbada. Ze, Zeferina, ez zen edonor gero.

        Beste askok legez, Zeferinak ez zekien idazten. Hala ere, sinadura ederra zuen, harrotasunez ikasia, hain ziur. Kontatzen ere ez zekien, eta hala eta guztiz ere ez ei zen egungo arrautza bat gora edo behera, ogerlekoren bat gora edo behera erratu. Baina hori, zelan ekarri mihisera?

        Zeferinaren irudia ekar zitekeen mihisera, hura bai. Argala baino argalagoa, makarra esango nuke, gure zaharrek txitean-pitean erabiltzen zuten berba horrek gerora hartu duen esangura hartu izan ez balu, oinez egunero hogeita bostetik gora kilometroko bideak egiten zituen, besoetan otzara bana, otzara bion artean hirurogei eta hirurogeita hamabost kiloko kargak eroanez. Baina zer diot nik kiloak baina. Orduan azunbreetan, liberetan, liberdietan eta halakoetan egiten ziren-eta kontuak.

        Pisu haiek aldean Zeferinak zehatz, malgu eta airos ibiltzeko zuen antzea eta maneia, otzarak eroateko haren taxua, gorputz atalak denak elkarren mende jarriz atal bakoitza behar zen moduan malgutzeko, artezteko edota bihurtzeko era bilduko zukeen koadroa abangoardiako artearen eskolaren batekoek egindakoa beharko zukeen. Zeferinaren gorpuzkerak, egokerak, ibilerak, denak, diskurtsoa baitzuen. Diskurtso estetikoa, hots, existentziala. Haatik, Juan Leon Kruzalegi ez zen abangoardiako pintorea. Nahiago izan zuen zozketarako arrantzalearen erretratua egin.

        Azken batean —erantzun zidakeen Kruzalegik—, ez ziren ba arrantzaleak itsasoak eroan zituenak? Eroan, bai, ze gorpuak ez ziren inoiz berreskuratu. Txalupa bai, Lekeition agertu zen. Eta bizitza hau zer ote den —gure amamak esango zukeen moduan esanda—, hura konpondu eta luzaz ibili zen Sukarrieta eta Laida artean pasaiari-ontzi legez. Han joan-etorrietan sarrien ibiltzen zena nor-eta Zeferina, bere arrainak harantz eta bere arrautzak honantz, joan eta ekarri, etorri eta eroan. Gizonaren itzala karelen artean bizi zitzaion.

        Arrantzalea nahiago izan zuen, Juan Leon Kruzalegik, alarguna baino. Ez edozein arrantzale, ostera. Bost gizon haien biziak galdu baino lehenago askoz gehiago eroanak zituen itsasoak. Bada, Kruzalegik XX. mendeko galernarik itzelenetik etxera osorik itzuli ei zen Indalexio Tribisarrosperen erretratua sortu zuen. Mihisean lehenik eta paperean bigarrenik, esan behar da, 1967ko abuztuan Buenos Airesko Laurak-Bat agerkarian egin baitzuen gero Indalexioren erretratua.

        «Arrantzalea, Indalexio —idatzi zuen Kruzalegik—, anakoretaren indibidualismoa eta independentziaren sen erabatekoa zen, gorpuzturik. Hala ere, bizarra, ordurako urdintzen hasia, txukun zaintzen zuen, gizon begi urdin hark. Bebarru batean bizi zen, atea sekulan itxi barik, beti hura zabalik, eta barruko arropak hantxe etxe ondoko iturrian ikuzten zituen. Berak ba ei zekien atea zergatik izaten zuen zabalik, auzoko emakume mihi gaiztokoek halaxe esaten zuten. Haatik, atea ez zuen inoiz ixten, ez eta itsasora zenbait egunetarako joaten zenetan ere. Bakartia bazen ere, gizon alaia eta paregabeko eskuzabala zen. Anaiak Ameriketatik dirutza politak bidaltzen zizkion, eta berak herriko banketxean sartzen zituen, txiri-txiri; sekula ez zion esku sartu libretari. Ez zuen erretzen; ez zuen ardorik edaten. Haren edari gogokoena esnea zen. Berak batzen zuen, herriko baserri batean. Ahazturik izan dut esatea arrantzalearen herria zein zen, eta zein den oraindino: Mundaka (Bizkaia). Portu txikia, erretiraturik bizi diren kapitain eta hornikarien aterpea. Barojak, itsasoaren gaiarekin idatzi zituen eleberrietako batean, Basterretxea bat, mundakar jatorriko negrero jatortzat du aipaturik. Gure Indalexiok ez zuen pirata edo halakoaren ezta antzik ere. Ostera, itsasertza bazterrik bazter ezagutzen zuen, hasi bere jaioterrian eta Donibane Lohizuneko barraraino».

        «Galarren zitalak —jarraitzen du Kruzalegik—, mendearen lehen hamarkadaren azken aldera izan zenak, Kantauri itsasoko haitzen kontra jo zuen, tartean gure arrantzaleetako batzuei bizia eroan ostean jo ere. Alargunak eta umezurtzak ehunka utzi zituen atzean. Gilaz gora, mastak erroetatik erauzirik eta haize oihalak urraturik, halaxe ageri ziren biharamunean, driban, txalupa haiek, bestela Frantziako itsasertzeko Saint Nazaire muturreraino itsaspeetan arakatuz airos joan izaten ziren txalupa argoiak. Egun haietan Indalexio bera ere itsasora irten zen, bere intxaur azalaren barruan, bizi ahal izateko arraina ekartzea eta saltzea ezinbesteko zitzaion eta. Hala ere, ez zuen inoiz arrainen tamainaren konturik egiten, ez zuen zenbat ale zituen zenbatzen, ez zuen diru prezioetan erregateatzen. Galarrena igarota, herrian Indalexio galdutzat jo zuten. Halako batean gune zuritxo bat itsaso mugan agertu zen arte. Indalexioren intxaur azala zen. Eta bera han barruan. Jainkoak baino ez daki galarrena kostaldeko zein ertz edo zulotan sarturik igaro zuen. Gure gizona txalupatik atera eragin, ez galarrenek eta ez gerrak. Lehorrean gertatzen zenari halako destaina aire batez eta erruki puntu batekin begiratzen zion».

        Galarrenaren kontuan ez dio gezurrik Kruzalegik. Mundakan 1895ean jaio, hura izan zenean, 1912ko abuztuaren 12an hain zuzen, hamazazpi urteko gaztea zen, ez zitzaion hura erraz ahaztuko. Ingalaterran hezia, Liverpoolgo Catholic Institute delakoan marrazkigintza ikasi zuelarik, Indalexioren marra gutxiko erretratua ere argitaratu zuen Buenos Airesen, hura azkenekoz ikusi eta hogeita hamar urtera.

        Indalexioren ekanduen erretratuan ere ez zuen huts handirik egin Kruzalegik. Haren ondorengoa zen Juana Arenaza Ormaetxearekin ezkondu zen osaba Bitorianok ondo gogoan du haren irudia.

        —Bodegara lo egiten, etxean zorriak dagozela eta —diost, herritarren ohiko ardoa hartzen duen artean.

        Hiru lagunei ez zaie ezabatu arrantzale gizandiaren itzala. Kruzalegiri ere ez zitzaion ahaztu. Eta ahaztu izan balitzaio ere, ezin Mundakara hura berreskuratzera itzuli, 1936ko uztailean lehertu zen gerrak erbestera eroan baitzuen, historia honetako beste asko eroan zituen ber.

        Haatik, erbestean Juan Leon Kruzalegik legenda edo kondaira berria sortuko zuen. Alegia, Ernest Hemingwayren Agurea eta itsasoa eleberriko pertsonaia nagusi Santiagok jatorria norengan-eta Indalexiorengan zuela, pertsonaia horri esker Nobel saridun izango zenak Mundakako abade Andres Untzainek kontatzen zizkion ipuinetan oinarrituz sortua zuelako.