Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Hemingway zezenetan

1933ko abuztua / Bilbo

 

Bilboko 1933ko abuztuko zezenketen afixa ikusgarria izan zen. Isi de Guineak sinatua, plaza-giroko esketx labur bat eskaintzen du: hareatzan matadorea, honezkero zazpi banderilla iltzaturik dituen zezenaren bizkarrezurrean ezpata sartzen, harago koadrilako lagun bat heriotzaren goi uneari begira duelarik; tendidoan, gizonezko bi edanean eta, galaioi irri egiten, neska bi, biotako batek bere burua ispiluan begiratuz, horretara andrazkoak hiru direla ematen duelarik; tartean, hareatza eta tendidoaren artean, itxuraz aguazila den gizonezko bat ere bada, hor behean agi denari begira; tendidoko lau neska-mutilak horditurik ez badira tantatxo bana falta dutela esan liteke, batez ere edontzia goi eta burua atzerantz barrez lehertu zorian den mutilak. Aipagarria izan liteke Madrilgo majak izan zitezkeenak eusko kutsuko jantziak direla eta zezenen adarren gorabeherei begira barik euren arteko adar jotzeei begira dagozela.

        Plazako giro hori izango den ez den izango, kontua da 1933koan Ernest Hemingway afixan iragartzen diren korridetara etorri dela, esposatu berri duen Paulinerekin eta lagun Jennyrekin hilaren 17an Santanderren lehorreratua, handik Coruñara joan dira, lehenik, Galiziako hirian atseden egitera; gero Donostiara egin dute. Hor, lehenengo emazte Hadleyk 23an telegramaz igorri dizkien zorionak dituzte zain. Lehenengo emaztea izan zuena bera ere berriro ezkondu da eta, denak zoriontsu.

        Bilborako bidea atseginez betea izan da. «Basque itsasertzean barrena Bilboraino doan bidea dotorea da», du idatzia Death in the Afternoon liburuan.

        Bizkaiko inguruetan sartu eta batera arrankariak, edo amuarrainak, jauzika igartzen izan ditu, eguzki printzetan eta pasaeran ikusten izan dituzten ibaietako ur-azaletan, jauzika.

        Ez da Ernest Hemingway Bilbon den lehenengo aldia. 1932ko Death in the Afternoon —Heriotza arratsaldean— hartan idatzia utzi du hiriaz duen iritzia.

        «Bilbo hiri aberats-itsusia da, meatzaritzan diharduena, non batzuetan St. Louisen egiten duenaren besteko beroa egiten duen, berdin St. Louis Missourikoari zein St. Louis Senegalgoari alderatu», idatzi zuen 1932ko liburuan.

        Bilbora lehenengoz 1925ean etorri zen, eta oraingoan moduan lehenengo bera eta emazte Hadley Richardson Donostian izan ziren, abuztuaren 9a eta 15a bitartean izaten zen hango ferian. Hilaren 12an emazteak trena hartu zuen, Pariserako. Senarra astebetez geratu zen han, Hendaian, itsasoari begira edo. Edo bazterrak ezagutzen, bazterron artean Bilbo zelarik.

        Hurrengo urtean, 1926an, Donostian da berriro, eta lagun bati egin zion eskutitzean zioenez, Bilbora joateko asmoa egin zitzaion. «Abuztuaren 21etik 24ra izango naiz Bilbon», idatzi zion Waldo Pierce lagunari. 1927an, Bilbon ikusi zuen Death in the Afternoon liburuan aipaturik utzi duen Zurito toreatzailea. Non bestela? 1928an ez baina 1929an Bilbon izan zen, toreatzaile amerikar Sidney Franklin ikusteko, hain zuzen. Baina orain ez du hona zenbat bider etorri den gogoratu gura, dagoen beroarekin. Hiria ezagutzen du, eta kito. Emazteari erakutsi beharko lioke, eta baita bidaide duten haren lagun Jennyri ere.

        Edo hotelera egin beharko lukete, freskotasun bila. Lehengo emaztea datorkio gogora; Espainian delarik zezenak eta zezenketak beti beste zernahiren aurretik.

        Orain ere, ailegatu eta egin duten lehena, hotela bilatzera joan orduko, zezenketei buruzko informazioa bilatzea izan da. Badakartena baino informazio berriagoa, esan nahi da. Horretara, gizonak La Gaceta del Norte erosi du, hortxe idazten baitu Desperdicios sinatzen duen Aurelio Lopezek.

        Desperdicios sinatzen duen arren Aurelio Lopez, 1910az geroztik, egunkariaren zuzendaria da eta, horrez gainera, zezenketari buruzko zenbait libururen egilea ere. Hala bada, sinaduraren bitartez agian omenaldia egin nahi dio Manuel Dominguez Desperdicios ezizenaz ezagutu zen toreatzaileari. Edo, beharbada, La Gacetako zuzendari jauna den eskuindarrari txirene begitantzen zaio Desperdicios —hondakinak— ezizena. Edo beharbada Desperdiciosekin ingelesez hitz egin ahal izaten duelako du hura hain gogoko idazleak. Dena delakoagatik den, Ernest Hemingwayri Espainiako kritikaririk zorrotzena begitandu zitzaion. Death in the Afternoon liburua idazteko tenorean behintzat. Eta nork daki, agian irakurria du Desperdiciosen El arte de torear de "Botines" izeneko liburua.

        La Gacetaren alea hartuta, hotela bilatu dute. Gero, lagunei hiria erakutsi eta bide batez zezenetarako sarrerak erosi ditu idazleak. Hilaren 20an hasi eta egun horretan amaitzen den Feriarako iragarritako zezenketarien artean, horra Manuel Gimenez Chicuelo, Ernest Hemingwayk bere Heriotza arratsaldean liburuan Jiminez izenaz aipaturik duena. Zorionez hilaren 20an toreatu du horrek. Koldartzat du zezenketari hori Ernest Hemingwayk.

        «Hark, Chicuelok eta La Rosak toreatzeko duten moduak gehiago ematen du zeregin hori betetzera zigortuak daudenen modua norberaren kabuz hautatua denaren zeregina baino. Nire ustez horiek ez dituzte erabat ahazturik Joselito eta Graneroren heriotzak».

        Berriro zorionez, Chicuelok ezer gutxi egin zuela irakurri du. Egun bi geroago, hobetotxo ibili ei zen zezenketaria. Horren karrera amaitutzat eman eta hara!, iazkoan ondo eta aurtengoa ere ondo, pentsatu du Ernest Hemingwayk.

        Herra dio Chicuelori. «Hari oraindino kontraturik egiten bazaio, zeragatik da, herriak esperantza duelako egunen batean harentzat zezen perfektua, luzaz itxaroten izan duen zezen hori etorri eta hark ederto toreatuko duela. Haatik, denboraldi batean hogei aldiz ikusi ahal izango duzu, benetako lan osorik egiten duenik ikusi barik. Baina ondo egiten duenean zoragarria da».

        Iragan 23ko zezenketaz aditu duenak ere ez du pozez bete Ernest. Perez Taberneroren sei zezenak geldo eta koldar korritu ei ziren. Ezin du sinistu.

        «Bilbon toreatzaile jakin bat gogoko dutenean harentzako zezen gero eta handiagoak ekarriko dituzte, azkenean hondamenen bat, morala edo fisikoa, gertatu arte».

        Taberneroren zezenak geldo eta kikildurik? Bada, lekutan da Bilboren izen ona. Arratsaldeko zezenak hilaren 23ko horien antzekoak izango ez ote diren dago. Zezenak Villamartako Markesarenak dira, eta zezenketariak, aldiz, Fermin Espinosa Armillita Chico, Jose Amoros eta Fernando Dominguez. Arratsean ikusiko da horiek zer ematen duten.

        Arratsaldera arteko ordua Arenal inguruko restaurant betikoan eman dute, kanpoaldean jesarrita, giroaz gozatzen. Hormetan zezenketako afixak politikoak diren besteekin nahasten dira. Bero dago. Denean.

        Gacetarekin gogaituta, beste periodiko batzuk eskatu ditu, ez hain eskuindarrak behintzat. Errepublikaren lehen hiru urteak gogorrak izaten ari dira. Gobernuak Errepublikaren Defentsarako legea laster kendu behar duela, diote, horren ordeko beste bat sartzeko. Bestela, bizkaitarrei buruzko aipuak josita datoz orriak.

        —Any trouble? —galde egin diote, begitartea ilundu zaiola ikustean.

        Ingelesezko hitzek ustekabean harrapatu dute.

        —Mucho calor —erantzun die.

        «Beroak ardura ez badizu —gogora datorkio idatzi zuela—, benetako bero astun eta zink-meatzaritzakoaren modukoak ardura ez badizu, eta zezen ederrak eta bikain haziak ikusi nahi izanez gero, Bilboko abuztuko feria duzu aukerako lekua», idatzi zuen Death in the Afternoon hartan. Emazteari eta Jennyri ardura die, bai, beroak.

        Any trouble? Beroaz aparte, Kubatik datozen berriak dira problema. Bilboko prentsan horiei ere leku ederra egiten zaie. Berriok irakurri ahala gogora biziago datorkio han aspaldion bizi izan duen atsegina. Ambos Mundos hoteleko giroa —goizetan idazteko hori baino egokiagorik ezin— eta itsas zabaleko askatasuna —askatasun zabalagorik, ezin—, eta high-ball haiek —jaibol gozoagorik ezin— Habana Zaharrean. Uztailaren 6an 750 liberako ezpatarraina harrapatu zuen, hura plazera, ordu eta erdiko borrokan ozeanoko zortzi milia egin ondoren. Irakasle ona du. Nor eta Carlos Gutierrez.

        «Carlos Gutierrez bere aitarekin batera hasi zen itsasora, artean sei urte baino ez zituela. Azken hamabost urte honetan ezpatarrain gehiago ontziratu du Casablancatik kanpora lan egindako Habanako portuko edozein arrantzale profesionalek baino», horrelaxe idatzi zuen 1930ean.

        Alta, arrantzale trebea izateaz gainera hiztun ona da Carlos Gutierrez. Hasi Mambisen gerrarekin, segitu 1898ko independentziakoarekin, hogeigarren mendeko lehen hamarkadekin segi eta oraingoarekin amaitu, ipuinak egiazkoak legez eta egiazkoak ipuin legez kontatzen daki Carlos Gutierrezek. Horien artean leku berezia du arrain itzel handia harrapatu ondoren hura portura ekarri orduko zeroiek jan zioten arrantzale zaharrarena, old man harexena. Ernest Hemingwayri beti zirrara eragiten diona da ipuin hori. Haatik, ezpatarrainarekin izan zuen borrokaren ostean bere burua ikusi du arrantzale zaharraren larrupean, eta istorioa bere buruari kontatzeari ekin dio.

        Eta bitartean Machadoren aurkako ezkerretarako iraultza, abian. Gero eta bizkorrago. Hain bizkor ze, itsasontzian zirelarik, hilaren hamabian, hura presidente kargutik kendu zutela jakin zuen. Orain egunkariek zabalago hitz egiten dute hangoaz. Presoak, esate baterako, aske dira. Baina ez dute Pako Garairik aipatzen. Inor ez bat da eta. Ernest Hemingwayk ezin du sinistu. Iraultza Kuban eta iraultza Espainian. Baina hemengoa, oraingoz behintzat, eskuindarrena da. Hobe Plazara joatea.

        Bidean, zezenketen afixak ugalduz doaz eta, horiek sarriago ikustean Bilboko publiko gupidagabearen jarrera odolzaleaz idatzi zuena etorri zaio gogora Ernest Hemingwayri. Egia esan, ez da hori horrela den esateko adina zezenketatan izan Plaza honetan, baina halaxe kontatu diote, halaxe irakurri du eta, ondorioz, halaxe sortu zaio Bilbon beti dena handiagoa gura izaten dutelako ustea.

        Eta, bai, hementxe dago orain, Bilbon eta abuztuan, abuztuan Bilbon hurrengo noiz izango den ez dakiela. Jakin ere ez baitaki airean diren gerra-seinaleak endelegatzen. Afixetako batzuk euskaraz dira. Emazteak galde egiten dio.

        —Eta horiek? —ingelesez, baina ez ustekabean, lehen tarte batez haria galduta legez egon baita.

        —Bertoko hizkuntza —erantzun dio, bestelako azalpenetan sartzeko gogorik gabe, plazara ailegatzea igurikatuz, eta, batez ere, hori lehenengoz galdetzen diona ez dela gogoan.

        Gogora datorkio halako batean erosi zuen euskararen gramatikatxo hura.

        —Zaila! —pentsatu du, italiera, frantsesa eta espainola ikasteko erosi zituen beste gramatika elkarren oso antzekoak gogoan.

        Bilboko plazan aditzen duen euskararen doinua eta beste edozein bazterretan, Iratin-eta, aditu izaten dituen doinu aireak elkarren oso bestelakoak direla ohartzen delarik, berak hizkuntzaz gehienbat belarriz ikasi behar dituela erabaki du. Hizkuntzak belarriz, bai, zezenketaren artea begiz ikasi behar den legez, kasik. Beren lekuetan jesarri eta pozik da, hala ere, emazteari eta lagunari arte horri buruzkoak ahoz azaltzen segitu ahal duelako. Azalpen horiek duela hiru egun hasi zituen, Donostian. Han ikusi zuten Desesperado izeneko zezena, hura bai zezena, oi Donostia.

        Orain zezenei buruzko beste ikasgairen bat aditzeko prest dira emakume gazteak. Ernest Hemingwayk, bestalde, kasik justifikaturik izango du bere Death in the Afternoon liburuaren titulua. Kasik. Herioren itzala plazara agertu baita.

        Plazaratu dituzten zezenak zezen adarluze, suhar eta nobleak dira; lehenengoa izan ezik. Baina heriotzaren itzala plazara agertuko da, bai. Bere bigarren zezenak harrapatu egingo du Jose Amoros, gora altxatuko du, lepoan sartuko dio adarra eta, oso larri zauriturik, toreatzailea plazatik atera behar izango dute. Horren ordez hareatzara Jose Agüero zezenko-hiltzailea atera behar izan dute, zazpigarren zezenari heriotza eman diezaion. Agüerok horrela egin eta txalotu egin du publikoak. Horietako batzuek De Guinearen afixakoekin duten antza nabarmendu du Ernest Hemingwayk, gizonezko gazte batek zahatoa pasatu dionean.

        —Eskerrik asko —esan dio Ernest Hemingwayk, euskaraz.

        Zorionez, oraindino ez dute gazteleraz eman bere Death in the Afternoon, eta ezin dute jakin hartan idatzia dena Bilboko publikoari buruz.

        «Orduan Bilboko sutsuak zera dio: «Hara! Horiek denak —denak elkarren antzekoak—, denak koldar hutsak. Emaiek zezen handiagoa eta horrelaxe ikusiko duk diodanaren froga. Ikusi nahi baldin baduk zer nolako zezen handiak hazi ahal diren inon, eta tamainatako adarrak eraman ahal dituzten, zezenok hesiaren gainetik nola begiratu ahal diaten, hatsa hortxe sentiaraziz, ikusi nahi baldin baduk publiko jakin bat zein gogorra izatera iritsi ahal den eta horiek zezenketariengan eragin dezaketen izua bizi nahi baldin baduk, hoa Bilbora».

        Bada, aldiz, liburua ingelesez irakurtzeko gai denik. Desperdicios bera, esate baterako. Horren lekuko da La Gaceta del Norte egunkarian biharamunean argitaratuko duen eskutitza; ingelesez idatzia, Roosevelt presidentearen semeari zuzendua da. Hortxe baita, Bilboko zezen-plazan, hemeretzi urte berri dituen amerikar gaztea. Deperdiciosek bere eskutitzean zezenketak zertan diren azaldu nahi izango dio, labur. Luzeago, ingelesez, hortxe du Ernest Hemingwayren liburua, bai. Baina idazlea ez dago horri adi. Hemengo beste lagun batzuk ditu gogoan. Burura Parisen ezagutu zuen eta orain berriro ikusi nahi izango lukeen Jose Maria Uzelay laguna etorri zaio. Ahate, antzara, paita eta halakoen gainean gehiago eta zehatzago dakienik ez du inoiz ezagutu Ernest Hemingwayk, Parisko estudioan hark dituen zirriborroak horren lekuko. Hegaztien izenak, den-denak dakizki, hala gazteleraz nola ingelesez ere. Eta euskaraz, jakina.

        —Nondik nora dakik hori dena? —galde egin zion marrazkiak ikustean, irudien zehaztasunekin harriturik.

        —Inguruan ditiat horiek denak nik —erantzun zion Jose Maria Uzelayk, ezer ez delakoan, suabe—. Egunen batean etorri beharko huke ba gure Busturiara. Han ikusiko hituzke, han, horiek denak.

        Hori Parisen izan da, udaberrian. Tartetxoa izan du harrezkero Uzelayk, bai, irudi batzuen trukean oparitu dion Death in the Afternoon irakurtzeko. Edo beharbada oraintxe ari da liburua irakurtzen laguna. Batek daki. Orain ostera uda da, abuztua aurrera doa eta zezenketen egunenak hortxe egin du. Amaitu dira jaiak, amaitu ospakizunak eta ikuskizun miragarriak, horien artean Deportiboko Zirkuan eskaini izan direnak, hala nola, Juan Duñabeitia Sinbad marinel, irakasle eta jauzkari ospetsuarenak. Horren berri La Gaceta del Norten irakurri ahal izango luke Ernest Hemingwayk.

        «Deportiboko Zirkuko Juan Duñabeitia Pedernales herrira etor dadin», oharra argitaratu du La Gaceta del Nortek. Haatik, Ernest Hemingwayk eta beronen lagunik minenetakoa izango den zirkuko horrek ez dute oraindino elkarren berri.