Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Agirre lehendakaria

1942ko iraila / Columbia-Caracas

 

Gaur, 1942ko irailak 26 egun eta gau bat gutxiago dituela, Agirrek egunkariz egunkari dihardu oraintxe hastekotan den bere txangoari buruzko informazioa bilatzen, aurreko egunetan prentsakoak kablez igorria baitie hedabideei horri buruzko oharra. Bera hara agertu aurretik horrela egiteko ohitura hartuta zeuden New Yorkeko Ordezkaritzan.

        Polito argitaratzen dituzte Ordezkaritzak igorritako oharrok, baita New York Times eraginkorrean ere. Batez ere Estatu Departamenduarekin ituna hitzartu ondoren, baina lehenagotik ere bai. Gogoan du aurreko urteko azaroaren 9koa: «Ex-President of Basques Will Teach at Columbia». «Baskoen Presidente Ohiak Columbian irakatsiko du», horrelaxe.

        Orduan lagundu egin behar izan zioten, ez titular hori ulertzen, baina bai beherago zekarrena ondo zehatz endelegatzen.

        Montevideon 1941eko urriaren 11n dataturiko berriak zioen legez, «Jose Antonio de Aguirre, Spanish Civil War horretan President of the Basques izan denak, gaur esan duenez, Columbia Universityn historia irakaslea izateko proposamena onartu du».

        Ausardia behar zen halako zereginari ekiteko. Ez Belgikatik Montevideora Berlinen barna egiteko behar izan zuena adina, aitzitik

        «Dr. de Aguirre, Nacionalisten garaitzaren ostean Espainiatik Frantziara ihes egina —zioen NYTk—, atzo iritsi zen. Germaniarrak Frantzian barna sartu zirelarik, iaz, Bruselako Txiletar Ordezkaritzan aterpetu zen».

        Maiatzaren 8an izan zen hori. Hamabost hilabeteko ihesaldia izan da, bada, Lehendakariarena. Europako geografiaz eta historiaz ikasteko aukera.

        «Dr. Nicholas Murray Butler, Columbia Universityko presidenteak baieztatu egin zuen, atzo, Dr. de Aguirre han onartua izan dela, Espainiako historian eta legeetan lecturer jardun dezan, hain zuzen».

        Historia eta legeak ingelesez irakastea, ez zen marka makala. Hasieran eskolak Manu Sota alderdikideak emango zituela eta, lasai hartzeko esan zioten denek New Yorken. Artean Estatu Batuak gerran sartu gabe zeuden, ez oraingo moduan, eta beste giro bat bazen han. Ordurako Frantziak eta Erresuma Batuak urte eta erdi zeramaten odolusten. Eta hasiera-hasieratik Jaurlaritzaren ordezkaritza horiekin aliatuen alde lanean ibilia zen.

        Eskolak Columbian! Ordurako, 1941eko urria, Europan egoera guztiz argiturik zegoen. Kontinentea, oso-osorik, faxismoaren mende zegoen. Ekin egin behar zitzaion, hala ere, jokoan askoren etorkizuna baitzegoen. Eta Ameriketan ere bazen zeri ekin.

        «Hor segitzen dut lanean French News Servicerekin —idatzi zion Manu Sotak New Yorketik Jon Bilbaori Boisera 1940ko martxoan—, gure lanarekin guztiz pozik dira-eta. Behin baino gehiagotan zoriondu naute. Dakizunez, aliatuekiko harreman hau oso-oso komenigarria zaigu, eta beraien alde gaudela jendaurrean adieraztea izan dezakegun guztietan halaxe egin beharko dugu. French News Service hori antolamendu-garaian da; bulego bikainak atontzen ari da Rockefeller Centerren: dena prest egon bezain laster lana erruz izango dugu, esan nizuen-eta onartu egin dutela nik lehenago egindako eskaintza, alegia, baskoak edota espainol hiztunak diren barrutietan geu arduratzea propagandaz. Zure aldizkariko dirua atera ahal izango diegun, ikusiko dugu».

        Dirua. Dirurik gabe ezin da ordezkaritzarik eutsi, inon ere. Ezin da hegazkinez bidaiatu, gureak bisitatu, harremanak sendotu, Sarea josi, etortzekoa den egunaren argitzea aurreratu, ez eta presoen, hainbeste presoren alde, lan egin. Diru barik ezin da, batez ere etsaiaren erasoaldiak hain ekinkorrak direnean. Eta etsaien artean etsaiena euskalduna denean, zein samina.

        Frantzia gerran sartu denez geroztik urtea ez delarik —1939ko irailaren 3an sartu ziren hura eta Ingalaterra Alemaniaren aurka gerran— horra non, han aterpetuak diren euskoak, 1936-39ko gudate zibileko eraginez aterpetuak eurak, kontzentrazio-eremuetan sartzeko eskatu duen ministro jaun Ibarnegarai euskaldunak.

        «Badakizu ministro egin dutena Ibarnegarai, eusko aterpetuen etsai nagusia —Manu Sotak Jon Bilbaori horrelaxe idatzi zion, New Yorken, 1940ko maiatzaren 26an, maiatzaren 18ko berria kontatuz—. Gaurko Times-ek zaputz horren adierazpenak dakartza: eusko denak preso egin beharrekoak direla dio. Amerika denetan garen euskook gure anaia-arrebekin batera garela erakutsi behar diogu Frantziako Gobernuari. Gobernuak badaki Frantziaren garaitzaren alde Amerikako euskoek egiten dihardugun lanaren berri».

        Frantziaren garaitza, Frantziatako zeinena zen artean argitu beharrekoa. III. Reicharen erasoaldia bere bizienean zenean Frantzia bi behintzat baziren, nahiz eta artean gobernuz bakarra izan Frantzia biok. Laster argituko zen baina auzi hori.

        Abiada bizian, maiatzaren 18an bertan, eusko aterpetuak Gürs-eko kontzentrazio-eremuetan sartzen hasteko agindua eman zuten. Eta hori horrela, Agirrek berak zekien beste inork baino hobeto egoeraren larria. Egunotan Bruselan harrapaturik da.

        «Pentsa ezazu; alemaniar inbasioak Belgikan harrapatu du Lehendakaria, eta hantxe segitzen du hark», eskutitz berean Sotak labur eta sinesgaitz diotso Jon Bilbaori.

        Jazoeren erreskadan, hilaren 20an Frantziako poliziak Parisko egoitza itxi dio Jaurlaritzari, orobat Ligue Internacional des Amigues des Basques delakoari.

        Hilaren 25ean Euzkadi'ko Jaurlaritzak Baionan duen Ordezkaritzakoek eta horren prentsa eta informazio zerbitzuek, Euzkadi Buru Batzarrekoek eta ELA/STVren Nazio Batzordeko kideek, Robles Arangizek izan ezik, eskualdeko Gendarmeriera agertzeko agindua hartu dute. Hara agerturik, denak Gürs-eko kontzentrazio-zelaira eraman dituzte.

        Bitartean Ibarnegaraik bere horretan ekiten dio. Hilaren 25ean Paris-Soir egunkariak harekin Gaston Benac kirol-kazetariak izan duen elkarrizketa argitaratu du. Agirreri eta eusko aterpetuei eraso egiten die, komunistatzat salatuz.

        Hurrengo egunetan, goiz albako argiak zeruan gora egin ahala, fusilen itzala ere horma zurietan gora doala begitandu behar zaie Gürs-eko konfinamenduan direnei. Fusilamenduaren bezperetan ote diren, ala Francoren eskuetara entregatzekotan, ez dakite horiek. Zorionez, ekainaren 23an handik irteteko eta kanpoan ibiltzeko baimena eman zaie. Barruan geratu diren ehunka euskoek ez dakite zer izango den eurena. Agirrek ere ez daki bere geroa non den.

        «Washingtongo Enbaxada ingelesarekin lanean ari gara, horrek Londresko Foreign Office konbentzitu dezan; handik hala edo zelan atera behar dute», aipatu eskutitz berean diotso Sotak, berriro labur, baina sineskor agertu guran, Jon Bilbaori. Honek, hark esan barik ere, bazekien Foreign Office horrek zerbait egingo zuena. Gürs-etik alde eginak ziren euskoak —zerbitzuetako batzuk tarteko— Britainia Handira joanak ziren, eta hantxe sortu, Ajuriagerraren gidaritzapean eta Errepublikaren eta Euzkadi'ko Jaurlaritzatik bereizirik, Consejo Nacional Vasco delakoa, Londresen. Hantxe ekin zioten euskoek britainiarrekiko harremanei. Bazegoen zer negoziatu, arean. Horrela, britainiarren zerbitzu sekretuek euskoen sarearen eskaintza jasoko zuten. Horren trukean, zer? Britainia Handiak Euzkadi bat dela geroko balizko egunen batean onartzea. Baina Agirreri gero kontatuko dizkiotenak dira horiek.

        Orain Agirre, aske, Ameriketako aireetan barna orain, New York Times eta beste egunkariak irakurtzeko prest. Atera egin zuten, ba, Europatik. Orain eskuartean duen New York Times honexek orduan titularretan zekarren moduan; "Odyssey" itzela bizi ondoren. Gaitzerdi baina sufrimenduak. Lluis Companysena datorkio gogora. Alemanek harrapatu, frankistei eskura eman, horiek lehenik Madrilera eroan eta gero Bartzelonara, han epaitzeko, eta tiro! Eta hara Companys laguna hilik, 1940ko urriaren 15ean. Laster urtebete, hori mindura. Mindura hori ez zaio sekula joango, eta gainera badaki bera bizirik txiripaz dagoena, New York Times-ek kontatu bezala.

        «Jardunaldia duela lau urte hasi zen sutan zen Santanderren, Bizkaiko Itsasoan —izena ere galdua zuen Euzkadiri itsaso baten izena lotzen zitzaion—, eta iragan astean amaitu, New Yorken. Izan ere hogeita hamazazpi urte zahar den "President of the Basque Republic" ohia, Jose Antonio de Aguirre, haraxe iritsi zen, Espainiar historia eta legeak irakasteko Columbia Universityn atxiki zaion lekua hartzeko. Legegizona eta jardunez negozio-gizona, gizon kementsu hau leaderra izan da, hogeita hamahiru urterekin, Espainiako iparraldean —ez zaio espainiartasun hori atsegin egin— diren probintzietan, non —baina bestela Euzkadi non den, nork daki ba?— autonomiaren itxaropena baitzegoen eta non guda zibilean gogor borrokatu baitzuten».

        Prentsakoak badaki bere lana betetzen. Agirreren "odyssey" hori kasik ezin hobeto laburtu zuen harako hartan New York Times-ek.

        «Jeneral Francoren tropak Santanderren sartu baino ordu bi lehenago, Señor de Aguirrek Frantziara alde egin zuen hegazkinez. Haatik, 1940ko Blitzkrieg delakoak Belgikan harrapatu zuen. Ausardia deritzon horixe erakutsiz, germaniar lerroaren hango aldera egin zuen. Zaleek, lagunek eta maskarek lagundurik Suitzarainoko bidea urratu zuen, handik Suediara joan zen, eta azkenik, ontziz, Brasilera ailegatu. Aste gutxi batzuk direla Uruguaira iritsi zen eta hantxe azaldu zuen bere benetako nortasuna».

        Horretaz hitz egingo du txango honetan esateko dituen hitzaldietako batean, «Mis impresiones sobre Alemania» titulupean. Baina Alemaniaz gogoratzeak ez dio onik egiten. Parisen sartu zirenean Euzkadi'ko Jaurlaritzan sartu zirela datorkio gogora. Eta gaitzerdi hori balitz datorkion dena. Han zituzten dokumentuak! Bilbo jausi baino lehentxeagotik josten hasitako sarearen datuak hantxe ziren. Izen eta guzti, hantxe ziren Francoren zapatapean erresistentziari ekiten ziotenen izenak. Horiek denak Francoren poliziari eskuetan eman zizkioten Vichyko Gobernuko nazi-kolaboek, Companys eman zioten moduan.

        Habanan egin behar duen hitzaldia pentsatu nahiago du Agirrek. Hortxe du idatzirik.

        «Urtebete-edo dela bortxakeriak menderaturiko herrietan barna nenbilelarik, Amerikaren arima eta bihotza ezagutu nituen». Lelo moduan daki diskurtsoaren hasierako hori. Hobe uztea. Habanakoaren ostean Santo Domingon egingo duena datorkio gogora. Santo Domingo. Hantxe da Jesus Galindez, une honetan Euzkadik dituen gizonen artean hoberenetakoa. Habanan, Kolonbian, Uruguain, Argentinan, Venezuelan, horietan eta beste batzuetan ere badituenak gutxietsi barik, jakina. Denentzat daroatza Lehendakariak argibideak. Zuzenean bere ahotik entzun beharko dituztenak. Ez baitie berriro ezein nazik informazio konfidentziala ostuko eta lagunak fusilatuko. Baina bada Galindezekin hitz egin behar duen beste gairik ere. Columbiako eskola horiek! Legeak! Haren laguntza ezinbestekoa zaio, ze, Euzkadiko Lagi Zarrak nork ezagutzen ditu hark baino hobeto? Kuban egin behar duen hitzaldiko xehetasun bat baino gehiago harexeri zor dio-eta, hara.

        Agirrek New York Times-eko orrialdeetan aurrera nekez egiten du, oroitzapenek eta esan beharko dituenek buruko errotarriari aurrerantz barik atzerantz eragiten diote-eta. Burua, lehenik eta behin, ingelesekin elkarlanean jarduteak salbatu ziola datorkio gogora. «Washingtongo Enbaxada ingelesarekin lanean ari gara, horrek Londresko Foreign Office konbentzitu dezan; handik hala edo zelan atera behar dute». Eta atera egin zuten.

        Kuban, Ernest Hemingwayren lagun euskaldunek haren emazte Martha Gellhorni eskatu zioten, Roosevelt senar-emazteengana jo zezan, Agirre lehendakariaren alde zerbait egin zezaten. Eta uste izatekoa da amerikarren zerbitzuek zerbait egin zutela.

        Faxismoaren mendeko Europatik nork ere atera zuen, hantxe zegoen Agirre, Ameriketako airetan barrena libre. Ordainetan, euskoek ingelesei ez zieten mesede makalik egiten. Lehenagotik, tarteka-tarteka.

        Horietako batean berari eskatu zioten mesedea. Xehetasun txikietan sartu nahi izan ez zuen arren, baietz erantzun zien. Francoren Espainiaren Washingtongo Enbaxadan sartzeko zirrikitua bilatzen laguntzeko eskatu zioten eta, ezin ezetzik eman. Ipuin polita zen.

        Errepublikaren jeneral ohi Asensiok kontaktatu zuen Agirre. Honek jaramon egin zion. Gerra denboran Washingtongo Enbaxadan Errepublikaren militar atxikia —hots, seguritateko kidea—, harrezkero beti legeari fidel izana baitzen Asensio hura.

        Jeneral ohiak ipuintxoa kontatu zion Agirreri. Britainiarrek ipuina aurrera ateratzen nahikoa aurreratuta zebiltzala, baina koskatxo bat zutela esanez.

        Ipuinaren kontalariak, Asensiok berak, bazuen bere leial-taldea, isilpekoak eta halako beste zerbitzu batzuk egiteko prest. Bada, britainiarrek eskatuta, Espainiako Enbaxadako gizon biren laguntza erostea lorturik, bi horien bidez hango dokumentuen artetik pilo politak eskuratuz joan ei zen. Haratago joanez, berriz, Londresko Secret Intelligence Service delakoak Espainiako Enbaxadaren kode zifratuak eskatu zizkion Asensiori, premia larriz gainera, eta horra koskatxoa; horretara ezin zen iritsi Asensio, horretara ja ez, gizona. Ataka horretan direla, British Security Coordination (BSC) zerbitzuek Enbaxadan basque bat bazela jakin dute, eta Agirrerengana jo.

        Hori Espainiako Enbaxadan bada, basque izan arren, usain txarra! esan zien. Aukera, aldiz, egundokoa da, esan zioten; zerbitzu galanta litzateke, bai.

        Basque hark zein ardura zuen esan zioten: janitor, etxezain. Baietza eman orduko berba berri bat ikasi zuen Agirrek.

        Eusko zerbitzuetako norbaitek janitor hura konbentzitu zuen; seguritate-kutxako zenbakia eurek emango zioten, eta behin hori jakinda lana erraza zen egiten; seguritate-kutxara joan, ateko sarraila zifratuan zenbakiak sartu, hura zabaldu, Londresek behar zituen zifratuen kaxatxoa handik atera eta alboko hoteleko washroom-era eroan, ez ei zuen besterik egin behar; tira, bai, washroomean BSCko batek zifratuen kaxatxoa zabaldu, dokumentuak kopiatu, kaxatxoa atzera itxi eta janitor gizajoak hura atzera Enbaxadara eroan beharko zuen, diru-kutxan sartu eta berriro dena lehengo moduan uzteko.

        Hasiak egina dirudi, eginak urregorri, zenbat eta arinago ekin hobe, gizonak kodeak hartu ditu eta gau batez hortxe ireki du Enbaxadako seguritate-kutxa, handik zifratuen kaxa harturik gainerako dena agindu bezala egiteko.

        Problema washroomean izan zen, ostera. Gau hartan BSCko agentea ez zen zifratuen kaxatxoa irekitzeko gai izan. Etxezain gizagaixoari kaxatxoa bere lekuan uzteko esan zioten, hurrengo gauean berriro saiatuko zirela eta.

        Biharamunean bidaia luzeagoa egingo zuen Espainiako Enbaxadako kaxatxoak. BSCren Washingtongo bulegoraino. Han, haren makineriaren sekretuak eta ezkutukoak polito ikasi ei zituzten British Security hartakoek. Horiek denak Trinidadera igorri eta harrezkero Washingtongo Espainiako Enbaxadako kaxatxo haren antzeko beste hainbat irekitzeko baliatu zituzten, izan ere asko izaten baitziren bidean BSCkoek harrapatu eta barruak miatzen zizkieten Espainiako kutxa diplomatikoak.

        Hegazkina airean barna Venezuelara bidean doala gogora etorri zaio Agirreri horko beste kontu hori, alegia, Caracasko Enbaxada espainolean zelan infiltratu ba ote duten eskatu diotela. Sareak baietz esan dio, ba ei dela han lan egiten duen «eusko» bat, baina hori konbentzitzen Lehendakaria bera saiatu beharko dela. Eusko hari esan beharreko hitzak ere pentsaturik ditu. «Mesede handia egin ahal diozu aberriari», esango dio.

        Lasai egoteko esango dio gero euskoari, kontaktatuko dutenak ingelesak eurak izango direla eta, horrezkero dena erraza eta segurua izango dela. «Oraingo elkarrizketa hau bezain sekretua izango da», esango dio Enbaxadan txofer eta lorazain dagoen eusko zintzoari, espainolen mende lan egin arren euskotarren lehendakaria ezagutzeko arriskua hartu duen abertzale jatorrari, bai.

        Buruko errotarria atzera eta aurrera dabilkio Agirreri, eta horrek egunkariak ganoraz irakurtzea eragozten dio. Haatik, Venezuelara iritsi orduko bidaiaren berri agertzen denetz begiratu behar du.

        Bitan errepasatu ditu orriak, ezin topaturik. Eta egon ere hortxe dago txangoaren informazioa, orrialde galdu bateko ezkerreko behe-erpinean: «Basque Chiefs to visit Caracas». Begiak, ostera, haren azpian dagoen albistera joan zaizkio.

        Ertz-ertzean, horra hor egunkarian sartu ez balitz nahiago izan zukeen berria. Sartu ez balitz, hobe, bai; baina ez leku faltagatik, jazoa ez delako baino.

        «Depth Bomb killes Five in Bilbao» horretarako ez du itzultzailearen beharrik ingelesa ikasten diharduen Jose Antonio Agirrek. «Sakoneko bonbak bost lagun hil Bilbon».

        «Bilbo. Espainia. Irailak 25: Bost lagun hilda eta zenbait zauriturik gertatu dira gaur, duela hiru urte itsasotik batu zuten urpeko lehergarri batek eztanda egitean. Hura Bermeotik gertuan topatu zutenez geroztik hango arrantzaleek buia legez erabiltzen zuten».

        Bost lagun hilik, orain hiru urte herritik hurrean batu zen mina bat lehertu denean; arrantzaleek lotzeko buiatzako erabili izan dute hori. Bermeon, ze ez, titularrak dioen moduan, Bilbon.

        Eta Bermeoko portura joan zaio gogoa Agirreri hegan, abioia hegaldatu den era kasik berean. Begiak itxi eta 1937ko martxoan sartu da.

        Zori gaiztokoa gerran sartzen dena, baina zori gaizto eta bostekoa gerra armarik gabe egin beharrean dena. Hegazkinez Ameriketako zeruetan barna, Agirreri martxokoa gogoratzen zaio. Armak!

        Han, Carlton hoteleko bulegoan, urrutizkina belarrian bero-bero, Eusko Gudarostearen iskilu eta munizioen egoera zetorkion gogora Agirreri martxoko hartan. Armarik gabe ziharduten gerra egiten.

        Gogoa atzera eta aurrera dabilkio Agirreri. Bermeoko portuan bost hilda, New York Times-ek dakar gaur, 1942ko irailaren 26an. Bermeoko portuan. Hantxe piztu zen ba esperantza., 1937ko martxoko hartan, preso egindako Yorkbrook izeneko garraio-ontzi haren barruan armak topatu zirenean. Baina bai zera, armak. Kakazaharra, armak.

        Yorkbrook, Yorkbrook! Zer ziren haren barruan zeuden armak? Agirrek New York Times egunkariko «York» horrexetan ditu begiak josita, misterioaren gakoa hortxe bailegoen. Ezer ez, putza, kakazaharra.

        Han ziren milioi batzuk metrailadore kartutxo zintetan, hantxe 500 hegazkin bonba, 20tik 300 kilorakoak, hantxe 200 subfusil moderno, oilarrik ez betegailurik gabeak, hantxe 30 milioi metrailadore kartutxo zintetan, hantxe 5.000 hegazkin bonba, 20tik 300 kilorakoak, hantxe 18 subfusileko 12 kaxa, oilarrik ez betegailurik gabeak.

        Hantxe geratu ziren gehienak, erabili gabe, Bilboko biltegi eta bolborategietan gorderik. Erabilgarriak ziren bakarrak metrailadoretarako kartutxoak izan ziren. Eta bonbak! Agirrek negar egingo luke. Han ziren bonbak, bai, baina hegazkinik ez. Eta subfusilek, jotailu eta kargadore barik, ez zuten ezertarako balio.

        Latza da gerran sartzea. Askoz latzagoa gerran arma barik ibiltzea. Agirreri horiek lortzeko josi behar ziren hariak datozkio gogora. Kataluniatik armak ekartzeko ahalegina, eta mezularia esku hutsik etorri izana, gero Txekoslovakian eskuratu ziren armak, Bilboko portuan sartu ezinik izan zirenak, "Esku Hartze Ezaren Itunak" eragotzi baitzuen. Agirrek hasperen egiten du. Frantzia eta Ingalaterra, esaten den moduan, faxistei de facto laguntzen Bilboko portua bokleaturik izaten, eta hara orain Sarea horientzat lan egiten. Eta nork daki Bermeon agertu den sakoneko lehergarri hori ere ez ote den Abrako bokalean nabigazioa eragozteko jarri ziren haietakoa. Dozena bi ontzi minaketari izan zituen Jaurlaritzak, eta zenbat mina harrapatu horiek. Laurehunetik gertuago hirurehunetik baino.

        Gerran armarik gabe jardutea baino okerragorik ez dagoela behingoan ikasi zuen Agirrek. Ene!, gerra aurrean kontrabandoan jarduten zuen Santurtziko hark, Lezo Urreiztietak, Euzkadirako hamazazpi mila fusil eta hamazazpi mila kartutxo sartu izan ez balitu. Zenbakiek, edo hegazkinaren durundiak, zorabiatu egin behar du gizona. Lezok haiek eskuratu ezean, hiru egunen buruan loyalistak itsasoan ziren.

        Armak eskuratu beharraren beharraz gerra sekretuaren sekretuak ikasi behar izan zituen Agirrek. Gerran joko garbirik ez. Zikinekin, zikin. Eta garbiekin, horiekin ere gero ikusiko. Inteligentzia zerbitzuen garrantziaz ikasi zuen, armekin ez ezik Madrildik zetozen berriekin. Eskerrak han Galindez egon zena, ze hainbesteren biziak salbatzeaz gainera bestelako inteligentzi sarea josi zuen hark.

        Eta eskerrak Jesus zorionekoa orain hortxe duguna, Santo Domingon.

        Lehendakariak leihatilaz beste aldean zabaltzen zaion Karibe itsasora begiratu du. Gerran parte hartzeko Euzkadi'ko Jaurlaritzari lotzen zaion azkena dira Zerbitzuak, Sarea.

        Orain ez da armak eskuratzea horien zeregina, ez eta presoak trukatzea ere, Aliatuekin lan egin ahal izatea baino. Horretan ere ez da eragozpenik falta. Britainiarrek oraingo bidaia oztopatu egin gura izan dutelako berria iritsi zaie. Dena dela, irizpide argiak eman behar dizkie bidaian zehar bilduko zaizkionei. Denek itxaroten dituzten Lehendakariaren hitzak. Hala erbestean nola etxean.

        Hegazkinaren hotsak logura eragiten dio Agirreri. Burua leihatilako kristalean jausten utzi du eta New York Times eraginkorraren alean hortxe geratu da, albo batean. Loak erabat hartu orduko hor ikusi du beste itsasoa, Karibekoa. Florida penintsulari zatitxoak —key-ak— askatzen zaizkiola dirudi. Hortxe da Key Biscayne, euskaldunak munduan izan ginela gogorarazteko. Apur bat beherago hor da Hemingwayk han maite duen Key West. Gero, itsasoa.