Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Martha Gellhorn

1942 / Karibe Itsasoa

 

Ur eremu zabala da Karibe itsasoa ere. Eta halako batean Marta Gellhornek Kubakoak ez diren horko beste inguru batzuk ezagutu behar dituela esan du. Ez du senarrarekin nahi, ustezko U-ontzien ehizan.

        Beraz, bera bakarrik doa Marta Gellhorn, ze, handik denbora batera Travels With Myself & Another liburuan idatziko duen moduan, Ernestekin urruti behin joan da —1941eko otsailean—, eta ez du berriro esperientzia bera bizitzeko gogorik.

        «Egin behar nuen bakarra Txinara joatea zen. Ba, txango guztiz beldurgarri hartan "Gogogabeko Laguna" eroan nuen —dio liburu horretan Ernest Hemingwayri buruz, hemendik aurrera hari "G.L." esango diola gehituz—, nora eta berak joan nahi ez zuen lekura eroan nuen».

        Txinatar-japoniar gudaren berri jakitera egin zuten bidaiaren kontakizuna amaitzean Marta Gellhornek ez du errukirik. «Gauza batean behintzat zuzen nengoen: Ekialdean mundu bat amaitzen da», idatzi zuen. Ekialdean amaituriko mundua berak eta Ernestek, G.L. harexek, batera zuten mundua da.

        Egia esan, Hemingwayrentzat haiek ez ziren inoizko garairik onenak. Iragan urteko amaiera latza gertatu zitzaion; 1940ko azaroaren 4an Paulinerekin dibortziaturik, 21ean Cheyenneko bake-epaitegian Martharekin ezkondurik eta urrian argitaratua duen For Whom the Bell Tolls eleberriak kritikariengan eragingo duenaren zain, abenduaren 21ean idazle eta lagun min Scott Fitzgerald hil zaio, bihotzekoak jota. Idazlea heriotza horren pisua ariman zuelarik joan zen Ekialdera, mundu bat amaitzen deneko aldera.

        Bien arteko mundu hura amaiturik beharbada ez baina azken arnasetan zelarik bai, bidaia horren zehaztasunak, berak bakarrik egin zituen beste batzuetakoekin batera, aipatu Travels with Another and Myself liburuan bilduko ditu Marta Gellhornek. Ez zehaztasun denak, haatik. Marta Gellhornek —Bakerrek ez bezala— ez du Txinatik itzuleran Washingtonen egin zuten pausaldia kontatuko.

        Ez du kontatuko, ez, Charlie Sweeny koronelak bera eta senarra hartu eta harako John W. Thomason, Jr. beste koronel harekin hitz egitera eroan zituenekoa, ez eta nola berak —horretan Ernesten pare Martha—, britainiarren defentsa sistemen desegokitasuna zorrotz kritikatu zuen. Aldiz, Martha Gellhornen biografo Carl Rollysonek argiro dio —The Life of Martha Gellhorn liburuan— bidaia haren helburua zein zen. «Roosevelten Etxe Zuriak galdatu zien hara joatea, haren aliatu Txiang Kai-Shek eta honek boterea eskuratzeko lehian zituen aurkariei buruzko inteligentzia-informazioa bil zezaten», dio Carl Rollysonek. Bidaiaren ostean horretara eginiko mesedea, berriz, polito ordainduko zaio emakumeari.

        Baina 1942ko gertaeren hariari berriro eutsiz, oraingoan Martha Gellhorn bere kabuz doa Karibe Itsasoan gerra zertan den ikustera. Horrela eginez, eta bide batez edo, bere senarrak Pilar Q-ontzi modura atontzeko ipini duen aitzakiaren benetako garrantziaz ohartuko da.

        «Gerra galdu egin genezakeen —idatziko du geroago Marta Gellhornek— 1942 hartan ari ginen abiada hordigarrian segitu izan bageneza ontziak galtzen. Historiako urrezko orrialdeetan bazter utzi izaten diren zamaontzi horiek gabe Britainia gosez hil baitzitekeen. Aliatuen 1.508 zamaontzi, 8.336.258 tona guztira, itsasoko hondora joan ziren; urtebetean. Beste norbaitentzat uzten dut horren irudia ematea, nik ezin dut eta. Heriotzarainoko odol hustea zela, horra nik neuk esan nezakeen bakarra».

        Hondoratze horiek Karibeko bazter guztietan izaten dira, eta hain zuzen ere Karibe aldeko edozein bazterretan libre ibili ahal duela dioen pasaportea sakelan abiatua da Martha. Horrela, uztailaren 20an Haitiko Puerto Principetik, hots, Dominikar Errepublikaren auzotik, Ernesti idazten dio, gero abuztuaren 9an Puerto Ricotik egingo dion legez, hots, maitasunez. Elkarrengandik urrunago, maiteminduago bizi ei dira. Hemingway, urrun delarik, Marthari maitagarriago zaio. Eguneko bizimoduan uzten du hark lur jota.

        Tortola irlan patata garraiorako ontzia alokatuko du. Pilot da horren izena, hots, gogora behingoan Pilar izena dakarrena. Bada alderik Pilar eta Pilot horien artean, ostera. Doi-doi patchwork modura osatutako haize-oihala eta lema horiez gain ez du ontziak besterik, Carlton de Castro izeneko lemazainaren trebetasuna izan ezik.

        Marta Gellhornek izen eta guzti aipatzen dituen Carlton de Castro horren Pilot ontziari esker biziko dituenak hemen laburtzea beharbada alferrik luzatzea litzateke. Neskak larru gorritan uretan mustada batzuk egiteko aukera izango du, irla benetan txiroetan ibiliko da, horietan administrazio kolonialak dituen paradoxak biziko ditu —Herbehereetako bandera haizearen mende libre zabaldu ahal den azken bazterra Surinam dela, esate baterako—, irla horietan barna ibiliz Gerra Zibilean erbestera jo zuen bilbotar bikote baten ezaupidea egingo du —horiei Kuban pilotariak ezagutu dituela kontatuko die— eta, beste ezeren gainetik, Karibe aldean zamaontzien ehizean hainbeste itsaspeko aleman ibiltzearen gakoa non den jakin du, Pilot ontziko Carlton de Castrok bertan behera utzi eta gero. Saba izeneko irlan, hain zuzen.

        Saba irla, horra hor izena, aspaldiko sumendi baretu baten gaina da, Kariben galdua legez dagoena. Hala da ze, hango arrantzaleei ez zaie harrokeria begitantzen Queen Mary izena ipintzea ontzi apal bati. Eta horixe da Marta Gellhornek alokatu duena, horrekin Antigua irlara txangoa egiteko eta han gerraren gakoa zertan den ikasteko.

        «Hor behean, Surinamen —diotso hegoaldeko kapitan batek Antiguan— zera horixe dute, bauxita, badakizu, meategietan biltzen dutena edo. Aluminioa egiteko bauxita behar duzu, eta aluminioa behar duzu hegazkinak egiteko, eta aluminioa garraiatzeko ontziak behar dituzu, eta horretan dabiltza ba kraut —aleman— horien submarinoak, bauxita garraioan dabiltzan barkuei tiro egiten, ea ba besteen gerra-ahalegina kakazten duten; batek daki azkenean nor nagusituko den».

        Ez dabil oker Marthari bauxitaren garrantzi estrategikoaz hitz egin diona. Erresuma Batua eta Errusia erregaiz hornitzearen garrantziaz oharturik, Germaniarren Doenitz almirantearen "Drumbeat Operazioa" abiarazi du, U-ontzi otso-taldeen buruei agindua emanez erasoaldiak hiru lekutan gauzatu ditzaten: Aruban, Karibe itsasoan, eta New Orleansen eta Houstonen, Mexikoko Golkoan. Jakinik, gainera, bauxitarik barik aluminiorik ez dagoela, eta jakinik aluminiorik barik aireplanorik ez dela, alemanen ehizaldiak Surinamera eta Britainiarren Guyanara ere zuzendu dira, horiexetan ekoizten da-eta munduan ekoizten den ia dena.

        Bada, hortxe da urpeko otsoen arriskua. Eta haginkada ere.

        Otsailaren 16ko iluntzean bare-bare ziren Aruba inguruko instalazioak, hilero 7,1 milioi upel petrolio ekoizten izan dituztenak; ostera, biharamuneko goizaldeko ordu bata eta erdiak geroztik sutan dira. U-ontzien talde eder baten erasoaldiaren ondorioa da su hori; su hain arriskutsua ze, ordu batzuen buruan birfindegiko ekoizpen-lanak geldiarazi egin behar izan dituzten hura erabat itzali artean. Britainiarren gerra ahaleginari kolpe itzela jo diote U-ontzi urpekoek, bai, birfindegiak hilabetez itxita egon behar izan baitu.

        Bada, Mexikoko Golkoan sartzeko U-ontziek, beste edozein ontzik legez, hiru bide dituzte, eta hirurak estuak, eta hirurak, beraz, perilosak; Floridako Itsasartea eta Bahama Zaharreko eta Yucataneko kanalak, hirurak irlaren hego-mendebaldeko muturrean. Horrela, urpekontziek dakarten arriskua hain da latza ze, maiatzaren 1ean Aliatuak euron garraio-ontziak konboietan sailkatzen eta abiarazten hasiak baitira.

        Kariben barrena dabilen Martha Gellhornek horren berri zehatza izango du, eta are zehatzago jakingo du bere aberkide militarren ahaleginaren berri. Surinamera bertara joanda, hango "U.S. Base" militarra topatuko du. Hor, meategiak zorrotz jagon behar direla-eta, balizko itsaspekoei adi bizi dira, Aruban harrolioarekin jazo dena bauxita-harriekin jazo ez dadin.

        Basean bauxita-meategietako bat bisitatzeko gonbita hartu du Marta Gellhornek. Horrela bada, metalari buruzkoan ikusi duenaz gainera, auzoko Guyana frantsesean hor ikusi du presondegia ere; Vichyko gobernuaren mende da orain. Ikuskizunok gogoan, kolonien zereginaz eta beharraz hausnarrean egiteko gaia baduke. Urte batzuk geroago inguru haietara itzulita, aldaketaz idatziko du, kolonialismoa aipatu gabe.

        «Irletako bizimodu zaharra diruak hondatu zuen, gerrak barik. Guk egin genuen bakarra lehengo diru-eskukada ematea izan zen. Esker oneko nago, azken batean Kariben barnako irlatxoak haietara dolarrak euri modura jausten hasi aurretik ezagutu bainituen».

        Hausnarketa hori, kolonialismoa aipatu gabekoa, 1978an argitaratuko du, Travels With Myself and Another liburuan. Orain berriz, irla txiki maitagarriak ezagutu ostean, New Yorkera doa. Irailaren azkenetan iritsiko da, aste bi bertan egiteko asmotan.

        Martha Gellhorn irlaz irla dabilen bitartean senarra beste zerean dabil; urpekarien ehizan-edo. Udan zehar behintzat horrexetan ibili da, ekainean eta uztailean batez ere, hil bi horietan Patrick eta Gregory berarekin izan baitira, hurrengo urtean izango diren legez; gerra olgetetarako prest.

        Uda joanda eta semeak ere joanda, Ernestek bere espioitza zereginetan segitzen du ostera ere. Horrela, Martha Gellhorn presidente Roosevelten emazte Eleanor-i bisitan joateko zaiola eta —FBIko agente D. M. Laddek urriaren 9ko txostenean idatzi duen legez—, bisitariak mezulariarena ere egin dezan nahi du senarraren lagun hurko eta Habanako U.S. enbaxadore Spruille Braden jaunak.

        «Arazo nagusi honetan garrantzi handikoagoa da Mrs. Hemingwayk (ezkondu aurreko MARTHA GELLHORNek) urriaren 12an hasten den aste honetan Washingtonera egin behar duen bisita, Mrs. HEMINGWAY Washingtonen izango den artean Mrs. ROOSEVELTen gonbidatu pertsonala izango baita, eta enbaxadoreak harexeri azaldu dizkio Kuban seguritate-gaietan diren alderdi batzuk, alderdiok Presidenteari eta Mrs. ROOSEVELTi zuzen-zuzenean berba eginez azal diezazkien. Hain zuzen ere, Kubako agintariek aurrera atera beharko duten egitasmo bati Amerikako Gobernuak bere onespena eta beharrezko diru-laguntza eman diezazkion eskaturik zaio Presidenteari, lehendik ere, baina egundaino ez da Washingtondik erantzunik iritsi. Harreman zuzen horren bitartez zeozer lortuko delakoan gara».

        Enbaxadorearen errekaduaren esangura argia da. 1941eko abenduaren 11z geroztik Isla de Pinos delakoan sartuz joan diren faxistek handik erraz alde egiten dutela-eta, Kubako agintariek dirua behar dute irlako naziak eta faxistak giltzapean sartzeko ez ezik, gero ihes egin ez dezaten ere. Eta dirua eskatua dela baina iritsi ez dela, horixe jakinarazi nahi dio Bradenek presidenteari Marta Gellhornen bitartez.

        Ze bai, Kubak Ardatzeko indarrei gerra aldarrikatu ostean naziak eta halakoak preso-eremuetan sartu badituzte ere —lehenagoko batean aipatu den moduan—, Braden kexu da, horiek giltzapetik zein erraz libratu eta ihes egiten duten. Halaxe idatziko du Bradenek bere memoria-liburuan.

        «Kubara etorri berri, behingoan ohartu nintzenez, etsaien agenteak —germaniarrak, faxistak, japoniarrak— preso eremuan sartzen bazituzten ere, handik erraz alde egiten zuten. Azkenean presoak Pinos irlako mutur batean biltzeko plana bideratu genuelarik, plan horren gauzatzeak dirua eskatzen zuen. 180.000 dolarretan jo genuen haren kostua. Martha Gellhorn Washingtonera joatekoa zela eta, harexeri esan nion presidenteari errekadua eramateko».

        Marta Gellhornek errekadua emanda eta Rooseveltek-edo haritxo egokia mugiarazita, erantzuna baiezkoa da. Naziak eta faxistak zorrotz zaindurik izateko beharrezko preso-eremua atontzeko eta mantentzeko ezinbestekoa den dirua etorriko da Kubara.

        Marta Gellhornek beste errekadu bat ere eroan du Enbaxadaren izenean; Habanako "Factory" hartako buruak, Ernest xelebreak, Espainiako Gerratean ezagutu zuen Gustavo Duran Kubara ekar dezaten eskatu du; enbaxadorearen erabateko adostasunaz. Horri ere baietza eman diote Etxe Zurian. Laster izango ei da Habanan Gustavo Duran.