Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

ERREKONOZIMENDU SAIOA

 

Hau ez da errekonozimendu saio bat

eta hala ere hotza dut haginetan.

 

Diotenez edozein unetan geldiaraz nazakete

edozein auzotan edozein atartetan.

Kalera irten eta hautsez busti naiz

nirekin noan bitartean

uko egiten diot neure buruari.

 

Pneumatiko zarata euripean.

Tren taupadak airean.

Goi-tentsio dorreak ostertzean.

 

Arrazan sinesten ez duen arraza batekoa naiz

denok gara larriki berdintsuak

horrek aztoratzen nau.

Eta hala ere taxidermista baten bila nabil

nigandik gelditzen zaidana gordetzeko.

 

Bakardade oro da berekoia.

Ez dut nahi ni ez naizen beste inorentzat.

 

Pneumatiko zarata ostertzean.

Tren taupadak euripean.

Goi-tentsio dorreak airean.

 

Hau ez da errekonozimendu saio bat

eta hala ere min honen kolore zehatzaren bila.

Ni ez beste hitzak eta pertsonak galtzen zaizkit.

Diotenez edozein lekutan geldiaraz nazakete.