Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

HONDEAMAKINAK

 

eraikuntza hotsa leiho itxietatik nire logelara sartzen

hondeamakinak lanean ari dira

zuhaixkez belarrez biluztu dute mendi hegala

harria bistaratu nahi dute lehendabizi lur gorria atera

langile azazkal beltzak eta izerdia

zure eskuarekin batera nire azalean

etxebizitzak eraikiko dituztela dio iragarki panelak

mendia besterik ez zegoen tokian

familia osoak sartuko dira zementuzko eraikinean

ondo zulatu behar da lurra dio obrako arduradunak

zulatu

egonkortu

zulatu

leihotik begira gu biok

langileen amen eskuak dirudite garabiek

bere seme-alaben sehaskak kulunkatzen

lur gorri arrea agerian

zementua botatzen hasiko dira laster

musukatu egiten nauzu

teilatu baten beharra omen du jende guztiak

laurogeita hamar metro karratu solairuko

planoen arabera

lur puska bati bizia ematen omen diote

horixe da eskaintza

horixe entzuten dut

zure hondeamakinak

nire haragia zulatzen duenean