Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

KALEKO ZAKURRA

 

nirea bezain inorena naiz

bere itzala jaten saiatzen den

zakurrari bezala gertatzen zait

urduri jartzen naute maitasun abestiek

badiotsut: irrati dialen zapping-ean

entrenatuta daude nire atzamarrak

orrazi izateari uzten diotenean

 

berez beleak ditut ilean

batzuetan eskutan hartzen ditut

hegan joaten ez direnean

gertura zakurraren itzala bezala

horregatik galdu nuen aspaldi

galtzearen sentsazioa

 

mesedez konta iezazkidazu

ahaztu ditzakedan gauzak

poltsa zulatuetatik ihes egiten dutenak

aspaldian pertxak sobratzen zaizkit armairuan

inork ez dit ezkaratzetik

bainugelara dei egiten

aulki hutsez inguratua nago

 

nirea bezain inorena naiz

kaleko zakurren gisa

itxurak egiten jarrai dezaket

neure buruarekin orain bezala

ohearen beste aldean jarriko naiz adibidez

alde batera begiratzen dudanean

ni baino falta ez nadin