Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

OINEN ARTEKO HUTSUNEA

 

Erortzean izan da

hegan egin dudan une bakarra

beherantz hegan.

 

Kitzikatzen nau lur hartzearen bertigo eta lilurak

segundoetako lotura ezak

amildegia naiz horrelakoetan.

 

Nire oinen arteko hutsunetik

mundu bat pasatzen da

inoiz zapalduko ez dudan mundu bat.

 

Errekasto bat ikusten dut batzuetan

eskua luzatzen dut atzamarrak bustitzeko

nire egarriak berreskuratzeko

itotakoen poltsikoak harriz arintzeko

umezaroa berriz edateko.

 

Ezin ordea eskuetan gorde.

Ez naiz gai

egonarria dabilen harri bihurtzeko.

Nire oinen arteko hutsunetik

mundu bat pasatzen da

inoiz zapalduko ez dudan mundu bat.

 

Jakin nahi nuke

ahul izateari utziko bagenio

ez genukeen maitatu beharrik izango.

 

Erortzean izan da

benetan hegan egin dudan une bakarra.