Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

GERO BERANDU IZAN LITEKE

 

Hankak zabaldu ditut ginekologoaren aurrean

horma zurian begiak zuri

pareta zati leun eta apaingabe baten bila nabil

garbia argia hutsa.

 

Zenbat urte ditudan galdetu dit

atzamarra nire baginan.

Hogeita hamar.

«Ez duzu umerik ekarri nahi?

Gero berandu izan liteke».

 

Isilunean armiarma bat zintzilikatu da horman

ni bezala hanka-zabalik.

Diost mundura umeak ekartzeko etorri naizela

nire arbaso eta ondorengoak bezala

hanka-zabalik amaituko dudala

hanka-zabalik jaio ninduten bezala

hanka-zabalik bizi beharko dudala.

 

Ziztada bat sentitu dut baginan.

Segidan esku bat ezkerreko izterrean.

Janzteko agindu dit kloroformo ahotsez.

 

Oinak bata bestearen kontra estutu

eta etzanda jarraitu dut.

Izara zuriak estaltzen duen gorpu bat

eta armiarma geratu gara gelan:

zuloa eta sarea

besterik ez dugula.

 

Atea zabaldu da zakar.

Bakeroak bilatu ditut

estali nahi azkarregi batekin.

 

Armiarma ezkutatu egin da.