Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

AUTOBUSA  HARTU BEHAR DUT

 

Gizon bat ikusi dut gaur hiltzen.

 

Sagarrak ekarri dizkit banketxera,

txikiak eta heldugabeak, hosto eta guzti.

 

«Badakit orduz aurretik nabilela» esan dit.

«Irekiko didazu atea? Presa daukat,

autobusa hartu behar dut medikuarengana joateko.

Joan den hilean atera ez nuen pentsioaren bila nator».

 

Minutu bat erregutu diot,

ordenagailua martxan jartzeko,

kutxa gotorra zabaltzeko, alarmak kentzeko...

Zigarro beltza erre du bulego atarian.

Barrura etortzeko keinua egin diodanean

txapela kendu eta kea bota du sudurretik.

 

Ahotsaren lakarra garbituz txanponak eskatu dizkit

autobuserako, osteko txikitorako.

Eta esku hezurtsua luzatu du,

tabernan lagunei luzatzen dien bezala.

 

Nire atzamarrak bereekin estekatu direnean

gordetzen zuten bero apurrak ihes egin dio.

Gizonak badaki hiltzen ikusi dudala.

 

Eskua baztertu du, zakar

plastikozko poltsa zuria zabaldu

eta bost sagar atera ditu:

etxe ondoko sagardiak emanak,

heldugabeak gogorrak mailatuak.

«Hamaiketakoa egin dezazun» esan dit.

«Behar ditudanak baino gehiago ditut.

Esan dizut? Medikuarengana noa gaur ere».

 

Bost sagar garratz dauzkat: usteldu edo jan.