Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

HEGAZKINEN HEGOAK

 

Ez igaro nire besoetatik haratago

diote hegazkinek.

Do not walk outside this area

diotsut nik ere,

ez dut salbamendu-txalekorik jesarleku azpian

ez oxigeno maskararik

arnasa osten didazunerako.

Do not walk outside this area

No pisar fuera de la línea

Leihatila honetatik zerua ikusten nuelakoan

gerrikorik gabe ibili naiz.

Aduana igarotzeko galdetegiak bete ditut:

Nondik zatoz? Nora zoaz?

Gaixotasun sintomarik igartzen al duzu?

 

Zurekin egiten dudan keinu bera

errepikatu dut automatikoki

check control-a igarotzeko.

Oinetakoak eta erlojua erantzi,

plastikozko ontzi batean nire ondasun guztiak utzi.

Igarriko al du eskanerrak

zenbat denbora dagoen erlojuaren barruan?,

zenbat kilometro nire oinetako parean?

Begirada garbitu behar izan dut kontroletik igarotzeko,

izterrak, besoak... haztatu dizkidate,

aurpegia ez,

ez didazu sekula ukitzen.

 

Segurtasun zaindaria asaldatzeko beldur ez banintz

neure gorputza eskanerretik pasatzeko eskatuko nioke,

luze, etzanda

zurekin bezala.

 

Herrialdetik irteteko zerga ordaindu dut.

Pasaportean zure zigilua daramat

betirako.