Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

AHANZTURA ETA GOSEA

 

Hegazkin bat aireratu da gaur nire gorputzetik.

 

Banekien berandu iritsi behar nuela.

Elurtua zegoen bidea,

oreinak odol tantak ziren errepidean,

talka egin nuen batekin.

Zuriegia zen bidea: zureegia.

Leunki talka, oreinaren dardararekin.

Gatza botatzen pasatu nuen negu osoa,

elurra kentzeko makinak bidali nituen bidera

azala bezala bistaratzeko asfaltoa.

 

Banekien berandu iritsi behar nuela.

Zauritutako animaliaren irudia atzeranzko ispiluan.

Azeleragailuari irmo zapaltzen nion,

hilotz batek adina pisu maletategian.

Gurpila beti leku berean jiraka,

gatza botatzen negu osoa

bidean zuri

eta hegazkina airean lurruntzen

ahotik ateratzen zitzaizkidan hodeien antzera.

 

Ahanztura eta gosea geratu dira orain nirekin.

Maletegian bi hilotz: oreina eta ni.

 

Hegazkin bat aireratu da gaur nire gorputzetik.

Banekien berandu iritsi behar nuela.