Scanner
Scanner
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-31-7
azala: Oihana Leunda
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2006, poesia
 

 

BIHAR EZ DAKIT ZER EZ DUDAN JAKINGO

 

 

                        Ama hil zaigu lanak itota.

                                              J.A. Artze

 

 

Gure amak ez daki nor den Walt Whitman

kapitain baten hilotza maitatu zuen arren.

Ez du Victor Hugo inoiz irakurri,

Jean Valjean, Fantine eta Monsieur Madeleine

ametsetan agertu izan zaizkion arren.

Ez daki nor diren Faulkner, Jelinek edo Carver

nahiz eta maleta zahar batean hilobiratu zituen

denei hautsa maitekiro kendu ostean.

 

Gure ama pianotzat hartu izan dute

inoiz Bachek, Mozartek, Ellingtonek.

Haren begi elurtuetan odol tanta bat da

Malevitxen etxe gorria.

Gerriko minez dabil aspaldian

eta hala ere etxeko lanak amaitu eta

kalera ateratzen da egunero izebarekin

eguzkia, hotza zein beroa, hartzera.

 

Gure amak, paperezko deiak egiten

etxean utzi duen alabari,

bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe

hilko direla biak ala biak

azaltzen jakin nahi luke.