Poesia kaiera
Poesia kaiera
Oscar Milosz
itzulpena: Patxi de Vicente Arbeloa
2025, poesia
64 orrialde
978-84-19570-40-6
Oscar Milosz
1877-1939
 
 
Hitzaurrea

 

      Frantsesez idazten zuen lituaniar poeta gisa aurkeztu izan da Oscar Milosz. Ertz askoko errealitate bat sinplifikatzen duen izendapena da hori, ordea, eta murrizgarria, inondik ere, bere burua geografikoki zein existentzialki nonbait kokatzeko bilaketa etengabean aritu zen pertsona batentzat.

      Oscar Vladislas de Lubicz Milosz 1877an jaio zen Carejan (gaur egungo Bielorrusian), Minsketik hurbil, XIX. mendera arte Lituaniako Dukerri Handiaren parte izan bazen ere garai hartan Errusia barruan zegoen eskualde batean. Aita, lituaniar jatorriko familia bateko semea, Errusiako Armada Inperialeko ofiziala zen, eta ama poloniar judua. Etxean polonieraz hitz egiten zuten, eta huraxe izan zuen Miloszek hizkuntza nagusia haurtzaroan, harik eta 12 urte zituela Parisera ikastera bidali zuten arte. Gaztaroa Europan eta Ipar Afrikan zehar bidaiatzen pasatu bazuen ere, Frantzia izan zuen harrezkero bizileku nagusi, eta jaioterrira boladak pasatzera baino ez zen itzuli. 1918an, baina, Poloniak eta Lituaniak beren burujabetasuna berreskuratzeko prozesuari ekin ziotenean, Milosz, zeina garai hartan oraindik ez zen lituanieraz egiteko gai —gerora ikasiko zuen—, Lituaniaren aldarrikapenarekin engaiatu zen, eta, hala, Frantziako Gobernuak Lituaniaren ordezkari izendatu zuen 1919an, independentzia gauzatu zenean. Diplomazialari, poliglota eta hizkuntzalari, hainbat hizkuntza aztertu zituen; besteak beste, euskara. Hain zuzen ere, bizitzan idatzi zuen azken poeman, “Psaume de l’étoile du matin” izenekoan, Artizarra hitza aipatu zuen: “Là-bas Artizarra déjà brille au front de notre Mère l’Ibérie”.

      Miloszena gizon tormentatu baten poesia da. Gai eternalak jorratzen ditu (denboraren joana, maitasuna, bizitzaren zentzua), ezinegon kartsu batek bultzaturik. Jaiotetxera egindako bisitek haurtzaroagatiko nostalgia mingarria pizten diote. Denboraren iragateak eragindako endekatzeak, lekuenak zein pertsonenak, arranguratu egiten dute (kurioski, norberarenak baino gehiago izutzen du besteen eta bereziki maitearen zahartzeak). Maitasuna, Miloszen poemetan, ezinezkoa eta irreala da; idealizatuki bizi du, haurtzaroko esperientziei loturik eta feminitate aingerutar eta amatiar batean sublimaturik. Desilusio lurtarrari absolutuaren bilaketaren bitartez erantzun nahi horretan, bada mugarri bat: 1914ko abenduaren 14ko gauean Miloszek esperientzia mistiko bat izan, eta “Eguzki espirituala” ikusi omen zuen. Handik aurrerako haren poesia are metafisikoagoa eta kriptikoagoa bihurtuko da: Kabalaren eta Bibliaren eragin nabarmenaren pean eta esoterismo ukituek zipriztinduta, Miloszek kosmogonia pertsonal bat garatu zuen, Danterenaren edo Goetherenaren parekoa adituen iritzian.

      Czeslaw Milosz poeta poloniarra ahaide urruna zuen. 1931ko udan ezagutu zuten elkar, Oscarren azken urteetako bizilekuan, Fontainebleaun, Oscarrek 54 urte zituela eta Czeslawk 20, eta handia izan omen zen Oscarrek iloba txikiarengan eragin zuen zirrara: “Literalki bizitza aldatu zidan”.

      Oscar Miloszen ahotsa ezezaguna zitzaigun euskaraz. Patxi de Vicenteren lanari esker irakur dezakegu orain, sen handiz eta lexiko hautaketa ezin zainduagoz prestatu duen itzulpen honetan.

Isabel Etxeberria Ramírez