GREZIARRAREN GALDERA
Greziarrak galdetu zidan
halako batean:
Zenbat zarete euskaldunak?
Hiru milioi erantzun nion.
Eta harago joan nahi izan zuen:
Eta horietatik zenbat dira
benetako euskaldunak?
Eman ahalko niokeen
erantzun elegantea:
Hiru milioi.
Eman ahalko niokeen
erantzun ortodoxoa:
Ia hiru milioi langile.
Eman ahalko niokeen
erantzun literala:
Zortziehun mila.
Eman ahalko niokeen
erantzun zahar ederra,
nire hamasei abizen
euskaldunena.
Baina Sokratiko haren aurrean
ihardetsi nuen:
Gero eta gutxiago dira
euskalduntasunean heziak
munduan.
© Igor Estankona