Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
 

 

ELKARRIZKETA ASIER SARASOLAREN
POEMA BATEKIN

 

Itzuliko ez diren etorkizunak.

Iragana gogoratuz galdu diren gaubeilak.

Itzuliko ez diren etorkizunak.

Zahartzen ote dira txikiak gineneko ametsak?

Itzuliko ez diren etorkizunak.

 

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Eten beharra dago berunaren norabidea.

Eten beharra dago krudelaren mintzoa.

 

Eten beharra dago.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Barre egiten zenuen besorik ez zuelako

zabutik erori zen neskatilaz.

Edo bizarra kentzeko labana hortzetan

sehaska odolez bete zuen umeaz.

Barre egiten zenuen ahotsa galdu arte.

 

Barre egiten zenuen ahotsa galdu arte.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Eten beharra dago.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Eten beharra dago marra honen norabidea.

Eten beharra dago erogaitz honen haizea.

 

Eten beharra dago.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Ez edozer konpon dezakeelakoan,

baizik eta hilotzek

ez dezaten semeen gaineko susmorik

zizareen eztarritik edan.

 

Esan zezala lagunen alabak

begira, erle bat!

 

Esan zezala.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

Eten beharra dago.

 

Ailetor gozoa elurretan eztia,

nire begietan egina balute erlauntza,

lerro bakanean abaraska!

 

Eten beharra dago.

Zahartzen dira ametsak ala zahartzen gara gu?

 

Eten beharra dago ahopuntuaren galbidea.

Jarraipenik gabeko etenik ezagutu ez eta,

doako samina, hiletek aspertuta

garesti ordaintzea saiheste aldera.

 

Esan zezala lagunen alabak. Eten beharra dago.

Esan zezala lagunen alabak. Begira, erle bat!