Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
 

 

BEGIAK POLTSIKOETAN

 

oinutsik dator egunen sasoia

hotzak bizkarrezurra bihurritu dit esaldi baten mugaraino

zigarroetan erraustu ditut minutuak

amorruak erkatuz

 

norabiderik gabe abiatu naiz

eta azkenean

atertu zaizkit orkatilak

 

behingoagatik

nire irrikaz den bankua

topatu dut

 

denbora saihestuz heldu diot

galderen uhara kutsatuari

kalean liburutik begirada altxatzen dudan unearen

indarrarekin ikusi ditut

ahanzturaren historian mozkorrek aske utzitako mamuak

grina mutuen errekan ito beharrean

 

ezin ditut begiak

poltsikoetan gorde

beranduegi da ezaxolarako

 

bart gauean

ortzimuga urratzeko erabilitako atzazalak moztu

eta uso zuriei eman dizkiet jateko