Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
 

 

VHSan

 

        Pailazoari sudurra lehertu zaio

        (eta ez da gidoiaren parte bat).

 

Bideokamera martxan jarri zuten

Josek eta La Jauriako taldekideek:

Zergatik uztartu poesia eta antzerkia?

Noiztik? Nola...? Baduzue tabakorik?

Hamar urteren buruan

berriro grabatuko zutela esan ziguten,

esperimentu bat zela,

sormenaren arloan diharduen jendearekin

denbora pasa ahala gertatzen dena aztertzeko.

 

        Gau hartan laukiak ziren

        pailazoaren gurpilak.

 

soberan eta plist

jira ta jira plof

rasta rasta jo

libililibili pu

ja

Sevillako gune okupatuan

Josek poema bat irakurri zuen euskaraz,

deus ulertu gabe, karkaila malkotan,

gure ahoan sakondu nahirik.

 

        Kristal hautsiek gomutak ebaki dizkiote

        pailazoaren aurpegi zuriari.

 

aiene ta plist

rasta rasta pu

libililibili plof

jira ta jira jo

ja

Hamabi urte pasa dira eta

Jose ez da hitzordura azaldu,

bere lagunek ez dakite

haren ideiak non lurperatu.

 

Bien bitartean

utopiari lelo berriak

asmatu behar izan dizkiogu,

gaur egun zenbait hitz

ispilu zurbilegiak direlako.

Horregatik diogu

egunarekin batera karrikara jausten diren

ahots erdibituak garela,

mundua aldatu ezinean gaudenean

metro koadro bat behintzat irauli gura dugula

eta une bakoitza

manifestu labur bat izan daitekeela:

                                                        gora bekatua!

 

        Autoak errepidearen kontra egin duenean

        pailazoak ez du jakin zer egin txaloekin.

 

iaia plist plof

rasta rasta ja

libililibili tras

jira ta jira pu

heinekeen ra!

jo

Hamabi urte pasa dira eta

ez zara hitzordura azaldu,

orduko lagunok ez dakigu

zure ideiak non lurperatu.

 

Poema hau bidaliko dizut

ez zauden lekuetara,

VHSan.