Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
 

 

MANIKIA

 

Isilduko zara.

Itxaron pixka bat

esango diozu zalantzari.

Aditzen abangoardia sortzen

jardungo duzu egunen bazterrean.

Bizitza ordutegietatik at

hasten dela pentsatuko duzu

inori esan gabe.

Idealak eta utopiak

saihestuko dituzu,

borrokatzen jarraitzeko

zentzuzko berba errealen bila.

Babestuko zara.

Une hobeen zain

aldenduko zara iritzietatik,

maitasuna zabalduko duzu ahapeka

maitaldi lausoetan.

Ametsei izena aldatuko diezu,

onarpenaren zentsura pasa dezaten.

Zeure buruarekin

haserretuko zara ondoren,

badakizulako funtsean

ez dagoela hutsuneentzat ihesbiderik.

Kafe bat hartuko duzu,

zigarro bat piztu eta

esan beharrekoak tentuz

aukeratuko dituzu.

Bizirik zaudelako

behar duzu ez zarena,

bizirik zaudelako

zenbatuko dituzu eguneko titularrak

etsipena baino zabalagoa den

fereka baten ertzean.