Suzko lilia
Suzko lilia
2008, poesia
104 orrialde
978-84-92468-02-7
azala: Xabier Gantzarain
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
 

 

GILTZA EDO EZ NAZAZU ASMATU

 

 

                        Ne me quitte pas

                        Ne me quitte pas

                        Ne me quitte pas

                        Ne me quitte pas

                                La Valse à mille temps

                                Jacques Brel

 

 

dena ahaztu behar da

eta bakardadea begiratu balkoitik,

ez dira, ez, euririk gabeko herrialdeak

antena parabolikoen dom tom

ez dira arrazoiak kitatzeko gai

 

ez nazazu asmatu

ez itzazu ezizanaren inguruko ipuinak asmatu,

idatzi gabeko istorioetako

laino-erregeak ere gillotinatu dituzte

eta suari esan diote hotzegia dela,

irinik gabeko okinari ere

bizkarra zartatu diote

opil eske

 

ez nazazu asmatu

ez nazkatu hitzak

ez ezkutatu zure beldurrak titi-argazki artean

utzidazu zure azkazalen neurria izaten

utzidazu zure ortzadarreko hondarrari iseka egiten

utzidazu denborari begiak lausotzen

 

denbora

begi arreen itzala

 

ez nazazu asmatu

ez naiz Keuner jaunaren zirriborroak baino egiazkoagoa,

hirien kanpoaldeak garabi-basoak dira

                                eraikuntzak ereiten,

arauak ere hausten dira autobidean

arauak ere dira asmakizun

 

denbora ez da pikorra azalean

ez argazkia horman

ez sumendi zaharraren orroa

ez lur epela ez lur errea

ez mukizapia

ez ahatea kurriarekin

 

ez zaitez nire begiradatik altxa

ez ireki leihoak

ez dut eguzkirik nahi: horman badira begi erraldoiak

ez dut kalerik nahi argiontziak ez badira

                                    espaloiaren gatibu

 

eta txoriak euripean

tanten putzuan ogi apur bila

 

nola esaten dion aitonak ilobari:

urratsa motz eta begirada luze,

nola esaten dion aitonak ilobari

esaten dizut nik:

ez ireki leihoa

 

denbora ez da agurra

ez nazazu laga