Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

Atzo bi ume ikusi nituen zuhaitzean. Sinesteak ere lan du, baina ez naiz asmatzen ari. Zenbat urte halakorik ikusten ez nuela, bi ume zuhaitz baten adarretan!

      Hiriko errebal bateko espaloi jarri berrian iltzatu zuhaitz alferra zen zuhaitza, lanik ez hartu ez eman egiten ez duen apaingarrirako horietarik, auskalo nolako hibrido, hostaje eternaleko zur buru-harroa. Adar haietan ez da ezkurrik ageriko, eta kurloiek, berriz, teilatu hegalak hautatzen dituzte habiak egiteko errebalotan. Harritu egin ninduen adarretan arriskatzearen helburu materialik ezak.

      Zertara igo ote ziren? Babes ofizialeko etxe multzo erraldoiak aitzinean, lantegi abandonatu baten pareta zikina atzean, etxe gehiagoren artean galtzen den karrika alboetara... Hauxe bai zuhaitz aproposa eguzkiaren sartzea dastatzeko, neure artean. Baina idazlekeriak dira, noski, paradoxaren lilurak. Elkarri isilekoak esateko ziren igoak, menturaz? Leku libre bat nahi ote zuten, eremu ezkutu bat beren sekretuen gordetzeko?

      Sumatu ninduteneko ihes egin zuen batek, zuhaitzera igo ez ezik jaisten ere bazekiela erakutsiz. Adarretan gelditu zen bestea, kopetilun behatzen zidala eman behar niokeen errietari entzungor egiteko prest. Orduan konprenitu nuen zergatik ziren zuhaitzean, eta miretsi nituen, zinez, ume biak: ezagun zuten gaizki eginaren kontzientzia zeukatela. Hunkidura gozo bat bilakatu zitzaidan hasierako harritzea.

      Ez al da egia gizarte honek galarazia digula zuhaitzetara igotzea ere? Debekua hausteagatik zeuden han, gaiztakeria egitearren igo ziren zuhaitzera. Besterik gabe eta oroz gain. Haserre eginen niela espero zuten biek, esan dizuet. Errebalean eta ilunabarrean, bai, baina hiriburuan, benetako karrika batean, zeuden ume bi, ausart, zuhaitzean. Arriskuaren froga, neu azaldua.

      Nola eskertu eman zidaten poza?

      Irribarrea eskaini nion hosto tartetik erronkoso behatzen zidanari. Gorago igo zen. Ihes egiteko beste modu bat, baina sofistikatuagoa: gomitatu egiten ninduen eskuei listu eman eta enborrean gora has nendin, erorikoa onartzeko adina adorea ote neukan jakin nahi zuen. Zuhaitz izan banintz, airean goratuko nukeen jostari, gero berriz besoetan hartu ahal izateko!

      Zertara igo ziren gogoetatu baldin banintzen aurrena, zergatik hunkitu ote ninduten horrela galdetu nion neure buruari ondoren. Eta ikusia nintzen koadroari titulu egokia asmatu nahi izan nuen, esplikazio gisa. Poesiaren baliabide guztiak harrotu nituen, baina ez nuen neure betekorik aurkitu. Titulu deskriptibo bat saiatu nuen, eta motz gelditu zitzaizkidan guztiak. Etsita, zuhaitzean bi ume ikusteak eragin zidan zirrara aztertzeari lotu nintzen, berbagintza bazter utzirik. Eta noizbait, neure sentimendua umeen arrazoi matxinatuari lotuz, aspaldian pairatu gabeko eritasun mesprezatu baten izena etorri zitzaidan, xume eta erregarri, ikuskizun hark emandako hunkidura berritzean.

      Bai, oraindik ere badaude errebaletan zuhaitzetara igotzen diren umeak. Eta debekatua dutelako igoko dira bihar ere, erorikoaren beldur barik. Horrela kutsatzen digute ezinbesteko eritasun hori, gure hunkiduraren izena: esperantza.

 

(Esperantza. Egunkaria, 2002-08-27)

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus