Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

PARKE BATEAN

 

horra francoren zakurrak

ez ordea belauniko

horra francoren zakurrak

barne beltzeko lapurrak

jauregian atariko

 

horra francoren zakurrak

amak miaztu gabeak

horra francoren zakurrak

gorrotoz heze muturrak

maite zituen jabeak

 

horra francoren zakurrak

atzapar eta letagin

horra francoren zakurrak

ez dira kontu apurrak

gordin daukat zenbait samin

 

horra francoren zakurrak

esana zorrotz beteak

horra francoren zakurrak

tenteak eta makurrak

makurrak eta tenteak

 

horra francoren zakurrak

bestela ikasten zaunka

horra francoren zakurrak

lan isileko maltzurrak

bidezko guztien aurka

 

horra francoren zakurrak

aroen gain lizunen gain

horra francoren zakurrak

ez dira zakur uzkurrak

agindu baten daude zain

 

horra francoren zakurrak

gure zantzua usnaka

horra francoren zakurrak

gose luzeko ñapurrak

gibel minduok urraka

 

horra francoren zakurrak

beti lotu beti eten

horra francoren zakurrak

zer hotzikara samurrak

parke batean aieten

 

          *  *  *

 

horra beltxarga uretan

hezur bakearen zati

horra beltxarga uretan

karez apaindu lumetan

ez dakienak zer daki

 

horra beltxarga uretan

horra edertasun hutsa

horra beltxarga uretan

horra ni neu maluretan

francoren zakurren putza

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus