Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

BATEK DAKI BIHAR NOLA

 

egiak esateko zaildu naute

zer axola nork zerk

edo nahiago baduzue

ikasia naiz hitz zekenak josten

 

kate izandako haiek

gaur dira kordelak

bihotza ez du bermatzen

beti zozkor berak

 

hosto izandako haiek

gaur dira orbelak

bihotzak ez ditu biltzen

beti mozkor berak

 

ikasia naiz koplatzen

malenkonia sortak sortzen

zer axola non nondik

frogatzen ahal dizuet elurra ez dela ikusgarria

 

gaizto izandako haiek

gaur dira onberak

bihotza ez du zauritzen

beti aizto berak

 

aintzak izandako haiek

gaur dira toberak

bihotza ez du gaiztotzen

beti gaizto berak

 

zaildu naute gezurrak esateko

edo nahiago baduzue

ikasia naiz hunkidurak josten

ikasia naiz koplatzen

lilisortak zimeltzen

zer axola nolakoak

frogatzen ahal dizuet bizia ez dela zekena

 

historia izandako haiek

gaur dira nobelak

bihotzak hastio ditu

beti arno berak

 

bizkor izandako haiek

gaur dira motelak

bihotza ez du berotzen

beti asmo berak

 

kartsu izandako haiek

gaur dira hozberak

bihotza ez du bizitzen

beti hilotz berak

 

egutera ziren haiek

gaur dira mospelak

bihotza ez du ibiltzen

beti bihotz berak

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus