Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ITSUMENA

 

artoa soroan behiak larrean

industrialdea errekan

ez dakit zer neukan gogoan

gelditu egin nintzen

txarrantxatik hurre

orduan sortu zitzaidan

euliak behiaren begian bezala

 

horixe etorri zitzaidan

euliak behiaren begian bezala

txarrantxatik hurre

ebateko zegoen artasorotik

larrearen goialdean

kasu eman nielarik

hausnarrean ari ziren buruei

 

zenbat aldiz ikusia ote nintzen

behiak larrean etzanda

txarrantxatik hurre

bidekoari beha hausnarka

ez dakit zer neukan gogoan

artean ez ohartzeko

euliak behiaren begian bezala

 

hori eman zidan ibilaldiak

apunte bat besterik ez

bere horretan utzia geroztik

euliak behiaren begian bezala

garatu ahal izan ez dudan

gogoetaren baten zati

euliak behiaren begian bezala

 

ez dakit inon irakurria

edo inori entzuna ote nuen

dakidan bakarra da

gelditu egin nintzela

orain paper honetan bezala

txarrantxatik hurre

euliak behiaren begian bezala

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus