Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

BILBO

 

erre dugula gernika

irratian peredika

beraiek eta hitleranoek

egin dutena erdika

 

hegazkinak hor inguru

alarmek jo dute ulu

gernika ketan utzita orain

bilbo daukate helburu

 

kardenalaren kapela

aingeruen xaramela

zeruko armaz jantzia dator

ezpatadunen gaztela

 

odola eder sablean

areilza jauna salbean

intziri dagi haizeak minkor

indar handiko kablean

 

basoak dira ospeldu

lizar orriak orbeldu

mendian bizi zetorren ura

ibaizabalen moteldu

 

antxetak hodei grisetan

zazpi sudur anisetan

gure bizitzak bizigarri bat

eskatzen du anitzetan

 

amildegia gertura

burua ezin eskura

lau haizetara barreiatu zen

hiri honen hezurdura

 

tren barik dago atxuri

abando berriz urduri

isilik dator grebaren hotsa

bilbok ez maite neguri

 

errekaldean lizarra

hari begira izarra

mende honetan minbera dago

euskaldunaren bizkarra

 

enkarterriko burdina

errekaldeko turbina

lanez indarrez osatua da

bilbotarraren buztina

 

bikaina apaina liraina

historiaren iraina

bilbo hau bihurtua da bilbo

odolusteko izaina

 

baforeak datoz kaira

mundu osotik bizkaira

zutitzen diren otzanek dute

edertzen denon kondaira

 

zabala eta gazia

itsasoaren grazia

bide berritan abiatzea

nork dauka galarazia?

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus