Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ILARGIAREN ALDE

 

ilargi betea zertaz betea

nekatu egin nintzen

zergatik izan behar dituk porrot pertsonalak

ugertzen diren iraultza guztiak?

jesarri egin nintzen

neure buruarekin bat egin nezala behingoz

neukan oihuka karrika

oroitzen hasi nintzen

horrela jo nuen

ilargiaren alde iluna

 

ilargi betea zertaz betea

aspertu egin nintzen

bai noski zuhurrago biziko ginateke

adagioaren gisako gauzak asmatu izan ez balira

altxatu egin nintzen

non nintzen ez baneki lez

ahosoinuaren hotsa iritsi zitzaidan lanbroan barrena

pentsatzen jarri nintzen

horrela jo nuen

ilargiaren alde iluna

 

ilargi betea zertaz betea

nardatu egin nintzen

hein batean, pentsatu nuen

bat ez da inoiz bedera inor ez liteke izan norbera

ibili egin nintzen

errainu diskretu baten antzera

florentziarik ez dakien neoligarkiaren piramideetan

galdu egin nintzen

horrela jo nuen

ilargiaren alde iluna

 

ilargi betea zertaz betea

beldurtu egin nintzen

munduaren azkena berriz geroratzea

erabaki zutela entzun nuen saihetsean

itzuli egin nintzen

sumindu egin nintzen

suminduran heldu zen nintzenaren oroia

alkandoratik noizbait eten zitzaidan ezpel zuriko botoia

bat ezin egin batean leiala eta etoia

horrela jo nuen

ilargiaren alde iluna

 

ilargi betea zauriz betea

troxetan bildutako buru errea

horrela jo nuen

ilargiaren alde iluna

 

ilargiaren alde iluna

lurra da

 

lurra, teleskopioz babesten dugun beldurra

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus