Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

TOLOSA

 

hor dator naro garona

malenkonia sakona

zeinen gerizpe eztia zaidan

carriera zaharrona

 

capitoleko arkupe

egunonak musutruke

kafea hotza solasa bero

artistek bilera dute

 

ez badira bizikletan

gazteak pozik hizketan

mundu hobe bat sortu beharrez

beti elkar heziketan

 

saint serninen gaur feria

asteroko lanteria

liburu jantzi gazta odolki

laketzeko bezeria

 

arnaud-bernard larrainean

zabor kartoien gainean

dolce&gabanna luxury uhalak

laurdenaren ordainean

 

oc berbak noiz du uztaro

esperoan da luzaro

ô mon païs hasperen eginik

paristarra da nougaro

 

azalak zor du mamia

hau ez da okzitania

felibre jaunen lore jokoek

urri zuten legamia

 

trobador eta trobairitz

ai erdi aroan banintz

haien kantua ikasi eta

koplatzearren zenbait hitz

 

zabaldegiak ipuru

haxeleemen inguru

zalantza egin lezake batek

tolosa den hiriburu

 

zentrotik urrun zitea

ardura beltz albistea

berezkoa du bazterkeriak

noiztenka sua piztea

 

hiru mila ukamilo

arte sozio eta filo

faketako ikasleak gogor

askatzen bost korapilo

 

anarkismoa lubaki

gizon xaharrok temati

urtetxo batzuk kendu ezkero

lirateke berriz maki

 

adreilu hiri arrosa

tolosak hala du hotsa

askatasuna gaintzat hartzeko

hemen ez da inor lotsa

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus