Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

LEHEN MAILA OBRA
ZIBILEKO LANBIDE HEZIKETAN EDO
ZIENTZIA POLITIKOETAKO MASTERRA

 

horrela egin zen txinako harresia

ez harriz harri baizik herriz herri

buru-belarri

beso eta gerri

 

horrela egin zen keopseko piramidea

ez harriz harri baizik herriz herri

lepo-uztarri

gau eta gauerdi

 

horrela egin zen stonehengeko tenplua

ez harriz harri baizik herriz herri

joan-ekarri

euri eta aterri

 

horrela egin zen tenochtitlan hiriburua

ez harriz harri baizik herriz herri

gose-egarri

histu eta izerdi

 

horrela egin zen tonbuktuko meskita

ez harriz harri baizik herriz herri

kendu-ezarri

erna eta erdi

 

horrela egin zen bizkaiko golkoa

ez harriz harri baizik herriz herri

ulu-aldarri

zahar eta berri

amorragarri

berri eta berri

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus