Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

SOBERA BAINO HOBE ASKI

 

aski euskalduna bai

egia eta egiantza bereizteko

aski euskalduna ez

begia zalantzan jartzeko

 

aski bai

bakartasuna pairatzeko

zerura ez behatzeko

aski ez

ondo esan beharko ez erantzuteko

absurduaren muinean bizitzeko

 

aski bai

multzoa maitatzeko defendatzeko

estrategiaren zokor kozkorrak okaztatzeko

aski ez

agerian sustrai hartzeko

proposamen sumingarririk egiteko

 

aski euskalduna bai

harrotasun bat erakusteko

aski euskalduna ez

inoren aurkako euskalduna izateko

 

aski bai

angelu hilak atzemateko

zinezko arrangurak gozatzeko

aski ez

urratzearen urratzez aitzinatzeko

errealitatea bere esku hartu nahi izateko

 

aski bai

gure ahuleziak detektatzeko

sorterriaren ezkilak ez entzuteko

aski ez

azken txostena ez irakurtzeko

gerotasun bat berotasun bat begitantzeko

 

aski euskalduna bai

zer garen non gauden jakiteko

aski euskalduna ez

euskalduna izatea ez dela aski onartzeko

 

aski du

aske izan gabe

 

aski euskalduna bai

egunero jaiotzeko

aski euskalduna ez

gauero hiltzeko

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus