Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ERROMANTIKO BERANTIARRA

 

ongi etorri hilezkorren hilobira

sartu, sartu beldurrik gabe

egiaren bila zatozen hori

erantzi itzazu begiak

pausa ezazu eskua horma izoztuotan

hemen ez daukagu teologorik

ziurtatu zidan atalaurreko muskerrak

 

deabruak itxaroteko eskatzen dit

laster emanen dugula

erroma errautsetan estaliko duen meza

baina aspertua nago

hegalok alferrik eramaten

beiradura horiek apurtu ordez

aitortu zidan erretaulako sugeak

 

utopia zuhurrak besterik ez ditu maite

ez egin jaramonik iparrari

jarrai dezala zorroztasuna mozten

har ezazu isiltasuna aholku

hautsaren matxinadaren zain egon gabe

aholkatu zidan kapiteleko arranoak

bere arrainbuztan biribildutik mintzo

 

entzun izarren higidura

badator tristuraren eklipse osoa

eguerdiak eta gauerdiak bat eginen duten unea

elkar maite dutenek

maitatu ahal izanen dutena

xuxurlatu zidan ponteko apoak

beldurgarria izanen da hobe duzu hemen

hemen ez da mundua sartuko

 

eta hi, zer izanen haiz hi orduan

zatiaren eskeko

altxorraren lurperatzaile

parabola berrienen sinesle

zer zer zer

egin zidaten zaunka hegaleko zakurrek

 

hoa hemendik

harrizkoak sortzen dituen haizean

barrezka ulu kanpandorreko urubiak

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus