Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

IRAGAN ZURBILAREN
BALADA NEGARGARRIA

 

lurmendu ezineko lur

gailurreko elur hila

aburua aspaldi zurituta

zaurituta gorririk ez:

odolik gabekoa da

gure iragan zurbila

 

zainak azaoan estu

amestu ezinean zorrotz

grina gaitzek ote helduko

epelduko duten beldurrak:

bestera da bera bare

ez bero eta ez bihotz

 

erorka lezake izi

bizi izanaren damuak

ostera ere liteke ero

odolbero bihurtzeraino:

horixe dio oroitzen

lepotik daukan mamuak

 

bere buruaren lotsa

izotza bezain beluri

ilargia baleza erre

loerre honetan behar gabe:

zirrara onik ez duen

zintzotasuna dirudi

 

perfekziora du olde

moldez ateko masailak

haren alde putzaren hurre

zuhurreratu ez ginenok:

bikaintasuna du muga

gogoan beharren sailak

 

barau lizunaren hatsa

gezurpatsaren lurruna

besterik ez moral idorrak:

zidorrak dituela bide

non datorren zurbil, zurbil

gure iragan zurruna

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus