Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ROUEN

 

ibai gainean bi hodei

lantegi handiak hogei

gorri biziko arrastiriak

mila amets egiteko dei

 

otsailean etxe giro

ontziak senan astiro

kimika plantan sortua dute

hodei berri bat azido

 

etxearen hezurdura

adreilu arteko zura

hiri bakarra bitan biltzeko

penixek hautsi ur hura

 

gau garbiko izarlokak

zeruan geldi bi orgak

patinatzaile zoroz beteak

sena bazterreko dokak

 

argi printzak sagardoan

burgesak mozkin mardoan

frantsesa sustrai egina dago

vikingo hauen ahoan

 

atrioko karrikara

enkargu gaitzen ikara

euskarazko lehen liburua

bigarrenez argitara

 

profeta handien pare

para bedi etxepare

arruango katedral handian

merezia du aldare

 

teilarteko goroldio

nuklearreko voltio

normandiarrak euskaldunari

sagarrondoa zor dio

 

hostoberri sagastia

ume kezkan hegaztia

kolore hitsez egina dago

inpresionisten azpia

 

eguzkiaren kalparra

urregorrizko aparra

gros horlogeren talo beltzean

astiak orratz bakarra

 

epaia dute emana

bovary jaunarengana

gizon den batek ez lezake utz

hala dezaten engana

 

ibaia bete ur arrez

jende zintzoa marmarrez

presaka doan kotxe horretan

emma bovary negarrez

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus