Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

MIKEL LABOA KARRIKA

 

xume leun mehe dira hitzak

ahoaren gitarran

zainak dardaran jarri dituzte baina

zainak eta harraskako eltzea

eta arasako motrailua eta lanpara guztiak

 

kantu sotil bat besterik ez

 

labea plantxa kafetera izozkailua

baxera garbitzekoa

hiru irratiak telebista bera

dardaran

ikaran

sutan

hasi dira urtzen

telebista bera eta uraren kanila guztiak

ateen altzairuzko sarrailak letoizko heldulekuak

sakelako telefonoak giltzak alabaren ordenagailua

eta igogailua, igogailua ere bai

 

kantu xume leun mehea besterik ez

gitarraren ahoan

gure oinarriak dardaran jarri ditu baina

etxea Woodstock zelaia bihurtuz

 

iturengo ahotsa besterik ez

 

farolak brontzezko estatua bizikletak

ordulari-termometro elektronikoa

autoak semaforoak motoak

dardaran

ikaran

sutan

hasi dira urtzen

gaztelu zaharreko kanoi itsuak

hemeretzigarren mendeko iturriak berak

parkimetroak gure lehen autobus ekologikoa

eta bideokamerak, bideokamerak ere bai

 

xume leun meheak dira hitzak

memoriaren ozengailuan

baina izutu egin dute karrika

hiri urtu hau jaialdi bihurtuz

 

donostiako arotza besterik ez

ihauterian dakartzala joaldunak

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus