
Aurkibidea
Aurkibidea
“Gauza pare bat esan litezke inork ez duela poesia asko irakurtzen / (...) mundu guztia dabilela munduko krisiaren gaiarekin / (...) gogoan dut osaba juan gosez hil zenekoa / esaten zuen jateaz gogoratu ere ez zela egiten eta ez zegoela arazorik / baina arazoa gero etorri zen / ez zegoen sosik hilkutxarako”.
Sosik ezean, poesiaren mailua behintzat jarri munduko “osaba juan” guztien eskuetan: halako burubideren bat suma liteke Juan Gelmanen obraren lerroartean.
1930ean Buenos Airesen jaioa, “Ni naiz nire familiako argentinar bakarra” esanez azaldu izan zuen emigratzaile ukrainarren semea zela. Gaztetan Kimika ikastea erabaki zuen, baina utzi eta kazetaritzari eta poesiari eman zitzaion luze gabe, baita militantziari ere. Kartzelan sartu zuten komunistatzat jota, eta, gerora, hainbat herrialdetan ibili zen Montoneroen ordezkari. 1976ko estatu kolpeak atzerrian harrapatu zuen, baina Videlaren erregimenak semea, erraina eta biloba desagerrarazi zizkion, eta horrek, jakina, nabarmen baldintzatu zion bizimodua ez ezik obra poetikoa ere.
Sorterrian zein deserrian, Argentina eta zehazki Argentinako herri xehea izan zuen bere poesiaren ardatzean. Horren erakusgarri Gotán hitz asmatua (Gelmanen liburu nabarmenenetako baten titulua ere badena), tango hitza jolasez moldatuz sortua: hortxe Buenos Airesko behe-auzoetako giro urbanoaren doinua, gozo eta gordin, tangoa bezala poesia ere jende arruntaren topaleku eta topaune, bai gaietan (miseria, amodioa eta desamodioa tartean) eta baita hizkeran ere: “Emakume hark sekula-ez hitzen antza zuen, / xarma berezi bat igotzen zitzaion garondotik gora...”.
Gelmanek bereizi gabe agerrarazi zituen jendearen eguneroko intimoagoaren eta sozialagoaren lirismoa eta denuntzia, dena bat, poesia norbere izatea ez ezik denen errealitatea bera ere eraldatzeko tresnatzat hartuta. Transzendentzia herrikideei ere opatuz, umoreari eta ironiari batere uko egin gabe, hizkera prosaikoa erabili zuen oro har Gelmanek, kolokialismoak eta hitz gordinak barne, pertsona eta leku izen hurbilak, izen bereziak ere minuskulaz idatziz maiz, xehearen tasuna nabarmentzeko beharbada.
Jariotsua da haren poemen erritmoa (hein batean puntuazio arinduaren ondorioz), eta etena aldi berean; izan ere, errealitate puskatuaren isla gisa-edo, sintaxia aise puskatzen du Gelmanek, eta hizkuntza eta haren esanahiak indarrez bihurritzen: “aitzur nazazu minetik”, “andereak gozo ari zuen euria”... tartean desmaitatu eta beste neologismo batzuk ere. Hitz jokoak, paradoxak, adinatonak... Bide horretan, atentzioa emateko modukoak dira irudi eta metafora ahaltsuak, irudimen txinpartatsuz sortuak, surrealistatik ere badutenak zenbaitetan, eta txirikorda etengabean irakurlearen begi-gogamenetara salto egiten dutenak: “Esku bat / luzatzen du tinko heltzeko / kardantxilo baten ahotsetik pasatzen diren / denboraren olatu txikiei”.
Mami eta ezaugarri poetiko horiek denak euskarara ekartzen fin eta jolasti ibili da Bego Montorio kaier honetan. Hala, Juan Gelmanen obraren lagin oparo bat gehitu zaie lehendik beste zenbaitek (Koldo Izagirrek, Kevin Herediak...) euskaratuak zituzten aleei.
Maialen Berasategi Catalán