Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

                                          «Tropicana» bihotzean

 

Ron kolore horiskan zehar

limoizkoagoak ziren zure

ezpain gorriak,

epelagoa perkutsioaren doinu laztana;

denbora goragalea izan

eta elkarren besoetara

gonbitatu gintuen.

Ziur genekien

orkresta baldar hura

ez zena karibetarra

eta, baita,

ez gintuela urrezko ezein hondartzak

bilduko

bere harea aluzinakorretan.

Besoetako zure belztasuna

neonezko argipetan,

dardaraz, zilarreztatu ohi zen

aldika.

Marrazo errakorren baten hegatsak

bihotz-motz utzi ninduen

zure itsasoan

murgildu ahala,

arratsa hiltzear,

sabaiko zerua arno kolorez

tindatu zenean;

koralezko haitz kresaltsuetan

kiskali bide zen

nire gorpuaren

azken apurrik apurrena ere.

 

Nire gogoak

barrikada erraldoia

du eraikita

ozeanoa hasten deneko

«Tropicana»ko ate hartan

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus