Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

                Zilarrezko garrak, belarra leunki musukatuz,

                itsasotiko haizearen aurrean doaz, iheska.

                Euri metaliko batetako malkoak itsasgaina bihurrian,

                kristalezko txorinoak bailiran, jauzika uhinez uhin.

                Kresal molekula itsaskorrak haitzetan, fosforokorrak,

                animalia estrainoen hezur-hautsa ote dira,

                uraren errota-lan etengabeak eihota;

                hastapenetatik datorren itsas gorataldi eta beherataldien

                dantza ilargitiarrean ari den errotak deusezturik.

 

Arroka primigenioak birrindu ditu denborak,

zeure oinok zapaltzen duten hareatza bilakarazi arte.

Harearen margo berak estaltzen zaitu:

brontzez tindaturiko soina,

ezpainetan tarteka iradokitako haginek

uztaileko goizaldetan itsas negarra den bitsari

lapurtu diotelarik heruren zuritasuna.

 

                Eternitate egarriak narama zuregana,

                lipar batez bederen, neutasuna galduta,

                elkarrengan harea, kresala, ura, oro batera

                izatearen elixirrak ase nazan arratsalde ero honetan.

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus