Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Gogoratzen ote zara ortzia eta itsasoa

elkarren besoetan desegiten diren une hartaz?

Gaurkoan ezpaina da, odoletan,

ihidietaraino labanduz hedatzen den itzalak

iluntasun ileguritsuz tindatzen dituenean mendi maldak;

enarak iheska hegaldatzen dira, gaua buztanetan,

marfil zorrotzezko hotsez eztenkatuz airea.

Baso hostotsuetako laberinto zinbeletan barrena

piztu egiten dira, izarniakorrak, izarrak

gaupiztien nini distiratsuetan.

Oraintxe epelagotzen direlarik portuko harri kresaltsuak

untzi zaitut neure oroitzapen itsasoan nabigatzen,

ezinaren minak eraginda, uhara luzea utziz bertan.

 

Desagertu egin da uhara, ostenduz,

itsasgainean nagiki etzundako ilargi-adarpean

—urrezko labain ezabatsua, laranja atal irudi,—

 

Eta portuko hareatza hezetsua ere urrezkoa.

 

Odoleztatu egingo da mendien lepoa ekiaren isuriaz.

Uhartetik abiatuko dira kaioak kairantz

buztanez egunsentiaren norabidea marraztuz

desegiten ari izango den behelaino mehe

zarpailtsuan. Ez da izanen ez uhararik ez

                        ilargi adarrik, altzairuzko itsasgaina

eguzki printzez urreztatua baino.

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus