Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

LAU MILIOI URTE BARRU

 

lau milioi urte barrurako

iragarri dute munduaren azkena

zientzialari lagunek

ordura arte erre ez den guztia

kiskali egingo da

hala galduko omen dira

hainbeste gizalditako lorpenak:

adiskidetasuna

amodioa

elkar hartzea

gupida...

 

lehenagotik zerbait bai bageneki bezala

gara galdu-gordean abiatuak

akabu horri ihesi:

presaka doaz haurrak gurasoen beso artera

belozitateak limurtzen gaitu jendea

beste planeta edo aro baterako txartela

eskaintzen digula autoak gauak ardoak...

 

hurkoaren begietara so

azken minutu hartako argazkiak

ikusten nagoelakoa datorkit

inon ez diren albumetan...

ezin dugu lau milioi urte itxaron

bizirik garenon poza

galtzea eragozteko

 

lau milioi urte barru

iragarri dute munduaren azkena

atzo jakin nuen berria eta

kezkak hartu nau:

semeari telefonoa jo

arropa lehorrak jaso eta

bart lankide bat kaleratuko

zutela gaztigua eman ondoren

sobera haserretu ez izanak

behea joarazi dit

 

ezin dugu lau milioi urte itxaron

presa handia dago...

atzo jakin nuen berria eta

atzera kontaketari

dagoeneko jan diogu

egun bat:

munduko gupida

amodioa

elkar hartzea

adiskidetasuna...

 

hainbeste dira egitekoak eta

lau milioi urteko epea hain labur

bizirik garenon poz hau

gaur bizitzeko

lau milioi urte

hain da denbora gutxi

kapitala eraitsi eta

bizi izan garenon poza

galtzea eragozteko

 

 

 

© cc-by-sa Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus