OHEA JANTZI
bazterrean utzitako gehienek
pentsatuko zuten agian
mundua ez zela akituko euren saminarekin
borrokan hildakoek umezurtzek alargunek
herri eta lantegi hustuek
pentsatuko zuten segida izango zutela egunek
eta biharamunak ekarriko zituela garaileak
egunkaria besapean
denok pentsatzen dugu hemen jokatzen denak
izango duela gero modu bat askorentzat
eta horregatik grina itsu hori:
ez baitago zoriaren esku uzterik
eguzkiaren argitasuna edo etxeko ogia
mundu hau gaiztoa da ezin dutenekin
lurra norena den galdetzeak arinkeria lizuna dirudi
aise konprenitzen da orain
hil osteko bizitza baten mehatxuak
izututa bizi direnen larria
denok pentsatzen dugu beti dela beranduegi
gauza gehiegi gertatzen direla denak batera
baina geuk ekin ezean
berriro besteren gain lagako dugula
menderik mende dastatu gabe
galtzen utzitakoa jasotzeko lana
eta ez dago zoriaren esku uzterik
lotsa neurri baten aukera
koltxoiei buelta eman eta
negurako prestatuko gara:
aurki hasiko du berriz ohe barruan elurra
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi