POETAREN ESKUAK
noren izenean mintzo da poeta
noren izenean mintzo naiteke ni
noren ahotsa da nire ahotik
nire eskuetatik hegaka doana
sarri mintzatu izan naiz inoren izenean
bideak mendiak herriak oro
nire baitan kabituko balira legez
denbora tarte batean
beharginek maiteminduek jainkoek eta heroiek
poeten mintzoa besterik ulertu ezin balute bezala
noren izenean mintzo naiteke
norenak dira bata bestearen ondoan
paratzen ari naizen hitzok
noren ahotsa da nire ahotik
hatz tartetik hegaka doana
poeta izan behar al da
munduak igorri seinale argi ozenei
ezikusia egin eta entzungor eusteko:
hainbeste dira moduak
hainbeste dira egunak
ergela izateko
zergatik pasa behar izaten dira beti
minutuen mugak txarrantxa hesi artean:
agindu nizun elkarrekin egoteko hiztegi bat
baina ez dut bete
zure minak ematzeko promesa egin nizun
eta beste bat naiz orain
nork lagunduko dit hitzoi lur ematen
hasierako helburua zen
urreginaren taxuz lantzea bakardadea
doinu eder bat jartzea desertuko harriei
kondenatuentzat ondo amaitzen ziren
poemak sortu bulegoko ordutan
eta gero argi guztiak piztea
baina nork lagundu behar dio poetari
hitzoi lur ematen
lur ematea ereitea den edo ez jakin gabe
etxekoek lagunek ofizioko kideek
segurtasun agenteek laborariek agian...
ni joango naiz baina
nork lagunduko dit hitzoi lur ematen
lur ematea xuxen zer den jakin gabe
noren ahotsa da nire ahotik
noren ahotsa da nire eskuetatik hegaka doan hau
noren izenean mintzo naiteke ni
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi