Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

DUKEKO LARRAINA AZKOITIAN
(HILETA KANTA)

 

 

 

                                                Mertxe Agirrezabali

 

 

igoko al gara berriro

gure arbola adarrera

igoko al gara gauza guztien neurria

apalagoa zen garaira

 

gertaera larriak eta mendeak jazo dira:

lurrera begira jarri ginelarik

esku ahurretan irakurriz ikasi dugu

urrunera eraman gaituzten bideen berri

eta bideotan galdutakoak

gorde nahi ditugu beti

 

igoko al gara berriro

pauso nahasien beldurrik gabe

elkar maitatzeko moduko hosto artera

igoko al gara

 

geure gorputzak sortu

zelula matxinatuak oldartzen dira

hain luze ondu maitasunean

zauriak handizka irekiz

zelula asaldatu mulkoek

zelako errepublika hautsia osa lezaketen etsirik

 

igoko al gara berriro

han bulta batez libre izango gara

jendearen samin gorritik...

igoko al gara

 

goldaketa aroa da:

lehen ere bilduak gara erruz uzta gozorik

larrain bat egingo dugu

bizitakoaren errautsekin

abaro bildu eta babesa bakarrik denarentzat

falta ez dakion inori elkartasun amets bat

 

igoko al gara berriro

gure arbola adarrera

sobera goratu gabe itxaropena

elkarren ondoan izateko poza jo arte doiki

 

igoko al gara berriro

gure arbola ederrera

igoko al gara berriro

nahi dugunean jaisteko

ahal dugunean jaisteko

igoko al gara lurrera berriz

 

igoko al gara berriro

igoko al gara

larraina egingo dugu

bizitakoaren errautsekin

 

 

 

© cc-by-sa Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus