Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

GOSARI LEGEA

 

kafesne irakinetan sartutako erpurua

miazkatzen ari naiz

hainbeste urte gorputz honen

gainazalean barrena zokomiran

eta soinak beti du ezusteko atseginen bat:

ez bada miatu gabeko erretena

estreinakoz tinkatutako giharrak

edo bulkaden itzalen bat sukalde bazterrean...

 

esploratzaile harrituarena jokatzen dut

uste bako min sor batek beretzen nauenero

hobi komuna osatu dut debaldeko tristurentzat...

erabaki txikiek tarteka kontu larriez ebatzi ohi dute

eta bizi izandako egun bakoitzak

orbana uzten du barrenean

 

mundu honek zikindu egiten gaitu jendea poxi bat

horretan du bikaintasuna:

ebatondoaz eman tatuajeei taxua

garrasiei sartu abesti doinuak

eta su burdina egin erretako hatz mamia

 

bizirik nago

eta orain noiz arte jakitea baino

noraino jakiteak dit ardura:

beldur kuttun ezkutuetaraino

leiho pareraino

zuganaino...

hasieran nintzenetik

beste animalia bat ari naiz bihurtzen:

digestio modua

algaren eskala

malkoen zaporea...

 

urteen puruz txertatuak nekartzan gailuen

onurek miraturik naraukate:

zer dira gero haize hezetasunei eta presio aldaketei

horren doi antzemateko gai nire baitako

oi higrometro barometro eta anemometro jatorrok!

adinaren uhagaren gainean zaldizko noalarik

ohoratu nahi zaituztet goraki

 

esaten dute gaixoaldi gogor batetik osatzear den

azken aurreko herria garela Europan

baina kafesne irakinaren aldamenean

neurri-neurrian zahartzen ari naizen bitartean

ez naiz ezeren biktima

ezpada utzi ezin dudan zenbait ohitura okerrena

eta nire buruzagitza poetikoa espetxean dago

 

 

 

© cc-by-sa Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus