Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

GERRA TXIKIA

 

XXI. mendeko biztanle ondo-bizia naiz

gaurdaino ezein biktimismotan jausteko

arrazoirik izan ez dudana

eta ongi dakit munduaren azalean

pikor koskorra izatera baino ez garela helduko inoiz

hala ere apur bat harritu egiten nau ikusteak

nola erretiratu diren nazioarteko begiraleak oro

aditu eta bakegileek nola utzi gaituzten

geure indar txikiko gerran egosten:

jendea handizka daramate preso

legez ezarritako iritzi isolatze edo amodioak

naturaren epaitzat onartuz

eta berriro hor dira hildakoak

 

eragozpenik ez dut aurrera egiteko egunerokoan:

gogora datozkit nire zorionaren errutinak

sortzen dituen albo kalteak bazterketa miseriak

baina ez nago maite dudana ukatzeko

torturapean ez bada

edo akitu egin delako maitasuna...

eta berriro hor dira hildakoak

 

uste dut hori guztia etor daitekeela

XXI. mendeko biztanle ondo-bizia naizelako:

gaizkileen adiskide jo nazaketela

eta kalte larrien eragiletzat

hartuko nauenik ere ez da faltako

—hainbeste dira aurrekariak—

hala espetxera daramate jendea

eta berriro hor dira hildakoak

 

keinu eroekin espantuka

gerra honen luxuzko ertz batetik eskatzen ditut

nazioarteko begiraleak kazetariak kamerak

behin eta berriz ez dezagun gure burua kondenatu

geure buruaz erditzera

munduaren aspergarri

 

eta batzuetan

anonimotasun zoragarrian murgildutako

herri libre baten ametsak iratzartzen nau oraindik

—handizka zapaldutako

intentsitate txikiko nire aberrian—

eta betiko hor dira hildakoak

 

 

 

© cc-by-sa Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus