ETA BIHAR
zer egin behar dugu
ohorearen lurralde galduarekin
noiz gorpuztuko dugu
agian inoiz inon ezagutuko ez den
erresuma estrainio hori
non mamituko da
noren begietan zein bizkarren gainean
zer egin behar dugu
xuxen zer den esaten asmatzen ez dugun
jendearen duintasunarekin
bizi izandakoenganako begirunearekin
zelako doinua jarriko diogu
mundu honen ardatz karranpatuari
nola babestuko dugu jendearen sumina
nola gordeko dugu itxaropena
lizundu gabe
erne daitezen behartzen garenean
nondik hurreratuko gatzaizkio
elkarren bakardadeari ordu egokian
barne muinak sobera urratu gabe
gogo-bihotzak zapuztu gabe
neurri doian
zer egin behar dugu inor ez ahazteko
zer egin behar dugu bizitzaren edertasunarekin
eta zer egingo dugu maitasunarekin
garaipenaren biharamunean
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi