LEHEN TAUPADAK
uste dut euria ni etxetik atera zain dagoela
hodei beltzetan gordea
kanileko ur hotza edaten dut
itsasoan egarriz ito direnen gorazarre apalean
jaso dugun guztiarengatik esker zorrez
miresten dut egunsenti hau
eta ez eman behar zaigunaren promesa gisa:
dirua zoriontsua da
hego haizea txistu joka ari da
elizan gauez kutxa gotortuan gordetzen da
jainkoaren irudia
eta sasiak hartuko du noizbait ozeanoa
dena ez da denbora eta espazioa ordea
bada beste nonbait errenditzen den gauzen sentimendua
aroen aldamenetik ibilian doana
eta han agian bestek ordainduko dute
gure abandonuaren bahia...
euri tantak atezuan daude etxe inguruan
teilatu hegaletatik nire gainera jauzi egiteko
ez dut inoiz ulertuko perfekzioa:
hitz hanpatuak jaulkitzen ditut
eta ez dakit noiz isildu...
gaur bankuak itxita daude
eta oraindik maite nauzula uste dut
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi