Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

MILITATU

 

egunero ematen dut izena zure bihotzaren alde

eta berehala datozkit etzanda behetik gora

ikusitako arbolapeak hostoak hodeiekin dantzan

eta gurea edo beste edozeinena izan

maitasunagatik antolatu elkarretaratzeak

auto karabanak giza kateak herri harresi eta

banakako manifestazio erraldoietan

parte hartzen ari naizela etortzen zait

militantzia erabateko eta atzera ezinean

 

estrategia eraginkorragoak

inguruabarrei begira taktikoki hobeak

aztertu eta arakatzen ditut nonahi:

aurreko eta ondoko belaunaldien artxiboan

nazioarteko biltoki eta gorputzari itsatsi huntza artean

 

ekintza zuzena desobedientzia asmoak

elkartasuna ordaintzen ditut ahal neurrian

eta zure bihotzaren alde

egunero jotzen dut neure burua errudun

hurrena ere etzandakoan behetik gora arbolapeak

hostoak hodeiekin dantzan ikusten ditudanean

edertasunaren pilpira zeri egotzi izan diezaiodan

 

 

 

© cc-by-sa Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus