HORIEK GUZTIEK
eta nik bezala
zer egiten dute ni horiek guztiek
deblauki ortzi zolara jausten direnean
nola moldatzen dira iturri agortuan
arrazoiak bai baina erarik gabe
gertatzen direnean
nondik bilduko dute kemena
ni horiek guztiek
zu joaten bazatzaizkie
eta nik bezala
zer egiten dute ni horiek guztiek
leinu ilun baten abiaburu eta hatsarrea
eurak direla jabetzen badira
zelan egingo dute aurrera
sortu ziren hizkuntza atzendu
eta besterik ikasi ez badute
zer egiten dute ni horiek guztiek
oinek behera egin eta
behe gainak eusten ez badie
eta nik bezala
ni horiek guztiek zer egin behar dute
mendeen mendetan
sekula ez direla saldu
ez dutela amore eman uste bazuten
eta goitik behera tronpatu badira
eta nik bezala
zer eginen dute ni horiek guztiek
zu joaten bazatzaizkie...
eta geratzen badira bakarrik
kapitalarekin aurrez aurre
(harridurazko senidetze zail batean
elkarri begiratu agian)
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi