ORTZIAN IRAKURLE
arboladipean etzanda
hodei zuriak ikusten dira adar artean joaki:
beste herriak daude jendea lanean
kosta bazterrak sukaldeak
eta bururatzen zait zuhaitz adarrok
gerri bati lotuak daudela eta
gerriok sustraiek josita dauzkatela lurrera
bestela joango liratekeela airean gora hegalari
eta orduan txoriek besoak behar lituzketela
eta hegazkinek gurpilen gainean ibili
statu quo honi eskerrak ez balitz...
belar gainean etzanda
hodeiak ikusten dira pasatzen eta
burura datorkit beste garai batean bizi ote garen jada
joan zen denbora batean dudala gogoa oraindik
eta aldi berri honek zer dakarren ez dakit
ez bada haize-uhin arinen gainean
historiaren aro batetik bestera izurde urtetsu legez
geu garamatzala egun beti berdinen bestondotik ihesi
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi